Tesi-lan honetan, bi ikerketa egin dira bi lagin eta bi metodologia erabiliz: metodologia kuantitatiboa Bizkaiko 37 Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako A eta D hizkuntza-ereduetako 1528 ikasleren irakurtzeko ohiturak eta irakurtzeari ematen dioten balioa neurtzeko, eta metodologia kualitatiboa zein kuantitatiboa 37 ikastetxe horietako 19 eskola-liburutegitako liburuzainen lan dinamika aztertzeko. Lan honetan, bi ikerketetatik jasotako emaitzak aztertu dira eskola-liburutegiak dauden ikastetxeetan ikasleen irakurketa ohituren zenbait ondorio ebaluatzeari begira. Bestalde, aztertutako ikasleen irakurtzeko ohiturak eta irakurketari emandako balioa erkatu egin dira euren ikastetxeetako eskola-liburutegietan egiten den irakurzaletasuna sustatzeko lanarekin eta liburuzainaren lan dinamikarekin, aztertutako eskola-liburutegietako liburuzainen dinamizatzaile maila ikasleei zenbateraino eragin dakiekeen ebaluatzeko asmoz. Egindako azterketek agerian utzi dute ikasleen irakurketa ohituretan aldagai bereizgarriak daudela (familiaren irakurzaletasun maila, sexua, eskolatze hizkuntza-eredua, ama-hizkuntza), eta eskola-liburutegian edozein dinamika erabiltzea ez dela baliagarria ikastetxeetako hezkuntzan laguntzeko, ezta ikasleen irakurzaletasunean eragiteko ere. Bestalde, eskola-liburuzainek soslai, lan dinamika eta eskola-liburutegia kudeatzeko joera oso desberdinak dituztela erakutsi du ikerketa honek.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados