Hau adierazten du ForVid-ek: “bideoa ikasteko tresna gisa ikastegiaren barruan zein kanpoan”. Espainiako gobernuak finantzatutako ikerketa-proiektu bat izan da (RT2018-100790-B-100), Pompeu Fabra Unibertsitateak kudeatua, 2020ko martxoaren 1etik 2022ko irailaren 30era. Daniel Cassany izan da ikertzaile nagusia. Bideoaren erabilera eskolan aztertu da eta bi zati nagusi izan ditu.
Lehendabizikoan, Kataluniako Bigarren Hezkuntzan gertatzen dena aztertu da. Informazio zabalagorako ikus Cassany eta Shafirova (2021), besteak beste.
Bigarrenean, aldiz, esparru ez formaleko helduen hizkuntzen ikas-irakaskuntza izan da ikerketarako eremu (bigarren hizkuntza edo hizkuntza gehigarria). Lehenengoarekin badu nolabaiteko loturarik baina berezko egokitzapenak izan ditu.
Espainiera eta katalana izan dira hasiera batean hautatutako hizkuntzak. Mundu zabalean ELE (edo “español como lengua extranjera”) eremuko irakasleei zabaldu zaie galdetegia Survey Monkey sistemaren bidez eta prest egon diren zenbaitekiko elkarrizketekin informazioa osatzeko aukera izan da. Horrez gain, partaideekiko edota inplikatuekiko data session direlakoak antolatu dira: datuak gordin aurkeztu zaizkie esparru bakoitzeko irakasle, agintari edota adituei, euren irakurketaren berri izateko.
Hori horrela, euskararen esparrua aztertzeko aukera izan denez, HABEk parte hartu du ikerketan eta helduen euskalduntzea ere jorratu da lanean. Horretarako, teknikari bat aritu da ikertzaile-taldean. Arestian esan bezala, ahalik eta eremurik zabalenera hedatu nahi izan da ikerketa, beste bi hizkuntzetan egindakoari jarraikiz. Euskarari dagokionez, Euskal Erkidego Autonomoan helduen euskalduntzearen sektorean ezezik, Hizkuntza Eskolen eremura ere zabaltzea izan da asmoa. Halaber, Nafarroa, Espainiako gainontzeko lurraldeak, Iparraldea, Euskal Etxeak eta Unibertsitateetako Irakurletzak ere hartu dira aintzat.
Azkenik, galegoaren eremuan egoera zertan den aztertzea erabaki da, ikuspegi osatzeko asmoz.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados