Antifrankismotik abiatuta, 1976an Gasteizen izandako greba eta ondorengo sarraskia funtsezkoak izango dira gure lanean. Bi hilabete eskasetan Arabako langile-mugimenduak erdigunea hartu zuen eta gai izan zen Monarkiaren lehenengo gobernua krisian jartzeko. Modu batean edo bestean hurrengo urteetako mobilizazio-epea baldintzatu zuen, tartean, praktika asanblearioak eta ezker erradikalaren presentzia Arabako langile-mugimenduan txertatuak egongo dira. Esaterako, 1980 urtera arte adar askoren negoziazioan sindikatuen eta asanbladen arteko eredu mistoak garatu ziren. Bestetik, UGT, herrialdeko sindikatu indartsuena, Militant inguruko kideek kontrolatu zuten, kanporatuak izan arte.
Gertatukoaren memoria ere funtsezkoa izango da aurrerantzean, eta gaur mantentzen da, gure ustez memoria gatazkatsu bat da. Bere aldetik, auzo-mugimendua auzoetako gabeziak salatzeaz gain, auzo - identitateak sortzen joan zen jaien, jarduera kulturaletan eta borroken bidez. Bi mugimenduetan emakumeen presentzia ezinbestekoa izan zen, eta egokituta rolak birplanteatzeko balio zien.
Bi mugimenduek alternatibak erakusteaz gain, Trantsizioan prozesua azkartu eta mugak zalantzan jarri zuten. 1980ko hamarkadaren hasieran, krisi ekonomikoarekin batera, ez zen desagertu gizarte mobilizazioa, baina langile- eta auzo-mugimenduek indarra galdu zuten eta gizarte-mugimendu berriek lekukotza hartu zuten. Finean, Trantsizio urteetan bizitakoak arrasto sakona utzi zuen Arabako gizartean, baita bere identitatean ere. Handik aurrera gizarte pasiboaren irudia desagertu egin zen eta gizarte mobilizazioa eguneroko bizitzan txertatua geratu zen.
© 2001-2026 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados