Gizakiok komunikatzen garenean hainbat elementu jarri ohi dugu martxan eta txikitan jabekuntza prozesu batetik igarotzen gara, non ditugun erreminta ezberdinak erabiltzen ikasten dugun. Ikerketa honen helburua da lehen‑hizkuntza euskara duten lau haurrek erabiltzen dituzten komunikazio‑elementu jakin batzuk deskribatzea, beren bizitzako lehen urteetan. Zehazki, aztertutako komunikazio‑elementuak hauek izan dira: Ahozko Ekoizpen Komunikatiboak (AEKak), keinuak eta begiradak; bai banaka, bai eta denbora‑tarte berean gertatzen direnean ere (multimodalitatea). Horretarako, luzetarako azterlana gauzatu da eta datuak behaketa naturalistaren bidez jaso dira. Emaitzen artean, hurrengoak daude: (1) AEKen eta konbinazioen kopuruak gora egiten du haurrak adinean aurrera egin ahala, (2) iraupenari dagokionez, AEKak eta objektuari zuzendutako begiradak iraupen luzeagoa dute haurrak adinean aurrera egin ahala. Aitzitik, haurrak adinean aurrera egin ahala iraupena murrizteko joera dute erakusteko edota emateko keinuek, keinu hunkigarriek, keinu adierazgarriek, heldu-erreferenteari zuzendutako begiradek eta beste gauza batzuei zuzendutako begiradek. Horrez gain, keinu eta hizketaren arteko gainjartzeen iraupenaren proportzioa hazi egiten da haurrak adinean aurrera egin ahala.
© 2001-2026 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados