Ekonomia Politiko Kulturalaren (Sum eta Jessop, 2013) begiradapean eta Diskurtsoaren Analisi Kritikoaren metodologia eta irizpideei jarraiki (Chouliaraki eta Fairclough, 1999), hiru erabaki politiko eta ekonomikoen gaineko ikerketa da honokoa. Zehazki, 2011ko Espainiar Konstituzioaren erreforma, 2012ko finantza sistemaren kapitalizazio publikoa eta 2024an onartu berri diren Europako arau fiskalak ditu aztergai.
Testuinguruari erreparatu, erabaki bakoitzaren gaineko interesak aztertu, izan ditzaketen ondorioak hausnartu eta, bereziki, haien bueltan idatzizko prentsan argitaratutako diskurtsoa du hizpide. Eduki analisiari espresuki ekiterakoan haren markoak eta metaforak ditu bereziki aztergai eta horren guztiaren helburua da diskurtsoa aipatu erabaki politiko eta ekonomikoen (des)legitimazioan bete duen funtzioa aztertzea.
Jessopen selektibitate estrategikoa eta Overtonen leihoa harremanetan jarri ondoren, ikerketa tesiaren azken helburua da, batetik, esku-hartze publikoaren gaineko diskurtso hegemonikoa aldatzen ari ote den aztertzea eta, bestetik, Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian argitaratutako diskurtsoen artean ezberdintasunik ba ote den ikertzea.
© 2001-2026 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados