Ayuda
Ir al contenido

Dialnet


Resumen de Gainpisua edo obesitatea duten pertsonen ongizate psikologiko eta fisikorako onarpen eta konpromiso terapia

Idoia Iturbe Telleria

  • Gainpisuaren prebalentziak gorakada nabaria izan du azken hamarkadetan eta tratamendu eraginkorren bilaketa ezinbestekoa da. Doktorego tesi honek onarpen eta konpromiso terapiak (OKT) gainpisua edo obesitatea duten pertsonen ongizate psikologikoan eta fisikoan duen eragina aztertzea izan zuen helburu. Lehenengo ikerketan burututako berrikuspen sistematikoan, OKT eraginkor izan zen ongizate psikologikoa, osasun jokabideak, aldagai fisikoak eta elikadura jokabideak hobetzeko, azterlanen %71.43an, %50ean, %31.82an eta %21.38an, hurrenez hurren. Bigarren ikerketak, OKTn eta mindfulness-ean oinarritutako esku-hartze batek (Mind&Life) gainpisua edo obesitatea duten pertsonen ongizate psikologiko eta fisikoan duen eragina aztertzea zuen xede. Mind&Life eta ohiko tratamendua (OT) jaso zituztenek, OTa jaso zutenek baino hobekuntza gehiago izan zituzten bizi-kalitatean, elikadura ohituretan, kanpo elikaduran eta aldagai fisikoetan tratamendu ostean eta sei hilabeteetara. Hirugarren ikerketak, gaztelerazko Acceptance and Action Questionnaire for Weight-Related Difficulties-Revised (AAQW-R) galdetegiaren ezaugarri psikometrikoak aztertzea zuen helburu. Bigarren mailako faktore-ereduak datuekiko egokitzapen egokia azaldu zuen eta puntuazioek barne-tinkotasun onargarri-ona, baliozkotasun konbergente eta test-retest fidagarritasun egokia izan zuten. AAQW-R aldaketarekiko sentikorra zela frogatu zen. Doktorego tesi honetako emaitzek OKT gainpisua edo obesitatea duten pertsonen bizi-kalitatea epe ertainera bultzatzeko eraginkorra dela iradokitzen dute. Gainera, OKT OTari gehitzeak elikadura ohiturak, elikadura jokabideak eta aldagai fisikoak hobetzeko eraginkortasunik adierazi du epe labur eta ertainean.


Fundación Dialnet

Dialnet Plus

  • Más información sobre Dialnet Plus