Ayuda
Ir al contenido

Dialnet


Resumen de Euskal Atlas linguistikorako ekarria: fonetika galdekizuna eta haren erabilpena: datu bilketa eta kartografiaketa Nafarroako zenbait lekutan

Rosa Miren Pagola Petrirena

  • Hizkuntzalaritzako atlas gehienek hizkuntzaren arlo guztiak biltzen badituzte ere, fonetikari dagokiona oso murritz gelditu izan da beti, fonetika historikoarekin eta sintaktikoarekin lotzen diren gertakizunak baino ez baitira bildu ohi. Bestalde, tesi-lan hau egiterakoan euskararen atlasaren prestakuntza abian zegoenez, baliagarria izan zitekeen fonetikako galdekizun bat prestatzea eta, bide batez, metodologia landu eta zabaltzea ere onuragarritzat ikusten zen. Horrenbestez, lan honek erdietsi nahi izan dituen helburuak hauek izan ziren:

    Metodologia berria erabiliz, euskal dialektologiari buruzko lanak, fonetikari dagozkionak batik bat, aztertzea. Euskal fonetika sinkronia mailan aztertzea eta euskalki bakoitzeko fonetika gertakizunak jasotzea. Euskalki guztientzat galdekizun baliagarri bat prestatzea. Nafarroako zenbait lekutan jasotzea. Jasotako emaitzak automatizazioaren bidez kartografiatzea. Emaitza fonetikoen azterketa artikulatorioa, akustikoa eta, beharrezko izanez gero, analisi historikoa eta fonologikoa ere egitea. Bildutako hizkeren diasistema fonikoa jasotzea.

    Sarrera bezala, egin gabe zegoen euskal dialektologiaren historia deskribatzen da eta fonetikari buruzko egindako lan guztiak zehatz aztertu ere bai. Azterketa horren ondorioz, mila bat galderako aldez aurretiko lehen galdekizun bat prestatu zen, arlo diakronikoan zein sinkronikoan interesgarritzat jo zitezkeen gertakizun fonetikoen banaketa diatopikoa euskalkien arabera jasotzeko. Galdekizun hau euskalki denetan jaso zen, euskalki bakoitzeko bi inkesta eginez. Emaitzak aztertu ondoren, 300 galderako bigarren aurre-galdekizun bat prestatu zen Iparraldeko euskalkiei zegozkien bi osagarri erantsiz. Horrela, azken ukituekin, behin betiko galdekizuna Nafarroako 20 herritan jaso zen ¿hiru lekuko bakoitzean¿, lapurterako eta iparraldeko goi-nafarreraren lau azpieuskalkitako emaitzak biltzeko.

    Materialak bildu eta transkribatu ondoren, mapagintzari ekin zitzaion. Informazioa garbiago eta egokiago ager dadin, sinboloen bitartez ematen da. Tratamenduaren aldetik, datu guztiak datu-base batetan sartuak daude eta kartografiaketa ere konputagailuaren bitartez egin zen. Horretarako propio programa informatiko berezia sortu zen. Aipagarria da azken hau, lehen aldiz baliatu baitzen teknika hori emaitzak ezartzeko eta mapak egiteko, garai hartan erabiltzen ziren "plotter¿ eta antzerako tresnak utziz, zuzenean konputagailutik lortu baitziren. Izan ere, aurkeztu zenean, teknika aitzindaria izan zen hizkuntz atlasgintzari aplikatuta.

    Azken parteak jasotako emaitza fonikoen eta mapen analisiari dagozkio. Bilakabide diakronikoaren ikuspuntutik abiatuz, hotsen analisi artikulatorioa eta akustikoa ematen da, azken hau hurbilpen bat baizik ez bada ere. Analisiak agerian utzi zuen euskalki guztien azterketa fonetikoa eta fonologikoa sakontasunez egitea beharrezkoa zela hizkuntzaren diasistema fonologikoa eratzeko. Bestalde, zenbait fenomenoren garrantzia nabaritu zen, hala nola, polimorfismoarena edo hotsen gertakizunean ingurumenak duenarena. Diatopia mailako azterketak erakutsi zuen, halaber, bailarak ez direla inondik ere dialektologian aplika daitezkeen unitate linguistikoak. Azkenik, Bonaparteren sailkapen dialektalak, esanahi txikiko salbuespenen bat izan ezik, artean baliagarriak zirela agertzen da. Hala ere, muga linguistikoen baliorik eza egiaztatzen da eta isoglosaren kontzeptuak berak, fenomeno baten gertakizun diatopikoa seinalatzeko balio badu ere, fenomeno zehatz eta behin behinekoak adierazteko baino ez duela balio ikusten da.


Fundación Dialnet

Dialnet Plus

  • Más información sobre Dialnet Plus