Lan honek poliuretano termoplastiko, espuma malgu nahiz zurrun eta poliuretanozko espuma nanokonpositeen sintesi eta karakterizazioa ditu ardatz, sintesirako jatorri berriztagarridun produktuak erabiliz. Konkretuki, biomasan oinarrituriko poliolak nahiz kate luzatzailea eta zelulosa nanokristalak erabili dira. Era honetan materialaren karbono berriztagarri kantitatea igoaz, sintetizaturiko poliuretano materialen jasangarritasuna hobetzen da. Poliuretano termoplastikoak % 100 karbono berriztagarridun poliola erabiliz sintetizatu dira, fase zurrun eta malguen proportzio ezberdinak eta izaera ezberdineko diisozianatoak erabiliz. Fase zurrun kantitatea eta diisozianatoaren linealtasuna igoaz fase banaketa handiagoko material zurrunagoak lortu dira. Espumen kasuan, funtzionalitate ezberdineko poliol nahiz poliol nahasteak erabiliz zurruntasun ezberdineko materialak prestatu dira, beti ere poliol nahastearen karbono berriztagarri kantitatea igotzea bilatuz. Poliuretanozko espuma nanokonpositeak prestatu dira zelulosa nanokristalak eta grafenoa erabiliz. Zelulosa nanokristalek espumaren nano/mikroegituran nahiz gelaxka egituran eragiten dutela ikusi da, propietate mekaniko nahiz biskoelastiko hobetudun materialak prestatzea ahalbidetuz. Grafenoaren erabileraren bidez espuma eroankorrak prestatu dira.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados