Zorizko jokoak eta apustuak, hainbat arrazoirengatik, eztabaidagai publiko eta soziala dira etengabe, bereziki azken urteotan. Egoera horren kausa, nagusiki, online modalitatea agertu eta arautu izana da, eta tradizionalki presentzialak ziren jokoak berritu eta modalitate berri horretara egokitu izana. Hala, gai horri buruzko jarrerak eta hausnarketak ugaritu dira. Batetik, zenbaitek uste dute zorizko jokoak eta apustuak aisialdi-mota bat baino ez direla, beste edozein bezala arduraz gauzatu beharrekoa; bestetik, praktika hori problematika sozial bat dela ulertzen dute beste zenbaitek, ondorio negatiboak dituena maila sozial eta indibidualean. Testuinguru horretan, eta diskurtso sozialak oso polarizatuta dauden honetan, lehen esan bezala, euskal gizarteak fenomeno horri buruz duen pertzepzioa ezagutu nahi izan dugu. Horren emaitza izango da Zorizko jokoen pertzepzio soziala eta balorazioa Euskadin 2022 txostena. Ildo horretan, IKEIrekin egindako elkarlanari esker —EAEko herritarren jokoaren inguruko pertzepzio soziala eta joko-ohiturak 2019—, ikerketa konparatibo bat egingo da zenbait galderari dagokienez, eta egungo errealitate sozialaren adierazgarri diren aldagai berriak aztertuko dira.
Horrenbestez, ikerketa honek honako atal hauek ditu: Lehenengo puntuan, helburuak eta erabilitako metodologia azaltzen dira. Bigarrenean, jokoaren prebalentzia eta ohiturak adierazten dira. Hirugarren atalean, euskal gizarteak zorizko jokoei eta apustuei buruz duen pertzepzioa aztertzen da. Laugarren puntuan, herritarrek zenbait ideiari buruz duten jarrera azaltzen da. Bosgarren atalean, berrikuntza gisa, euskal gizarteak zorizko jokoen kudeaketari buruz duen iritzia jaso da. Azkenik, ikerketaren ondorio nagusiak biltzen dira.
© 2001-2026 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados