Irakaslea eta hezkuntza politiketan aditua da Michael Apple, eta bere ibilbide profesionalean lan asko egin duen arren, eskola demokratikoen inguruan egindako ekarpenagatik eta “Eskola demokratikoak” liburuagatik ezagutuko du zenbaitek. Euskal Herrira egin zuen bisitan izan genuen harekin egoteko aukera, eta orduan ere, eskola demokratikoen aldeko borrokaren beharra aldarrikatu zuen Applek. Eskola demokratikoak ingurua kontuan hartu behar du eta komunitate osoaren parte hartzea bultzatu behar du, horrela soilik lortuko baita, Appleren ustez, eskola horiek ikasle guztientzako modukoak izatea eta bazterketarik ez izatea. Heziketa demokratikoaren eta kritikoaren alde mintzatu zen, baina horri bizirik iraunarazteko arriskuak ere izango ditugula azpimarratu zuen; izan ere, horrelako prozesu batek konpromisoak hartu beharra eskatzen du sarritan, eta horrek tentsio uneak sortzen ditu.
AEBn egin dute halako saiakerarik, baina, orokorrean, eredu horretatik urrun daude eskolak; izan ere, Appleren hitzetan, han egunero gogorarazten zaie ikasleei berdin duela munduko gainerako lekuetan zer gertatzen den, eta, bistan denez, horrek ez du eskola demokratikoen izaerarekin bat egiten.
Hezkuntza ekintza etikoa eta politikoa da, eta sarritan helburu kontserbadoreetara soilik bideratzen denez, ezinbestekoa da hezkuntza demokratikoa eta kritikoa defendatzea. Hori da Appleren aldarrikapen nagusia.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados