Elena Cano Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea da, Didaktikako eta Hezkuntza Antolaketako Departamentuan aritzen da, eta ebaluazioan aditua da. Gaitasunetan oinarritutako diseinuak ebaluazioaren ikuspegia aldatzera behartzen gaitu, nolabait, eta Canok dio ezin dugula ebaluazioa bakartutako zerbait balitz bezala ikusi, diseinuari, metodologiari edota edukiei lotuta dagoen zerbait baita. Era berean, ebaluazioa ikasteko aukera gisa, hobetzeko tresna gisa, hartzeko beharra azpimarratzen du. Konpetentzietan oinarritutako ikuspegia, begirada aldaketa da, agian, ez da ezer berria, eskolan beti trebatu baitira pertsona konpetenteak. Bestalde, argi utzi du pertsonak ez direla betiko, leku guztietan eta une guztietan edozertarako gai, gaitasunak, bizitzak aurrera egin ahala, eguneratzen doazelako. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatutako XVI. Jardunaldi Pedagogikoetan parte hartu zuen Elena Canok, eta orduan izan genuen harekin egoteko aukera.
© 2001-2026 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados