1988an hasi zen Jaione Apalategi ataundarra Iruñeko Irakasle Unibertsitate Eskolan lanean, berehala, Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusaren barne geratu zena. Geroztik da bertako irakaslea. Haur Hezkuntzako berezitasunean hasi zen euskarazko irakaskuntza ematen. Ondoren etorri ziren Lehen Hezkuntzan, Musikan eta Atzerriko Hizkuntzan ere jardun du. Orain Haur eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Graduetan -HHIG eta LHIG- eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterrean murgildurik dago.
Pedagogian doktorea da. Kudeaketa lanetan aritu da 1996tik 2003ra bitartean eta 2007tik gaur arte, bai Psikologia eta Pedagogia Sailean zein Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, bertako dekanoa izan zelarik.
Hezkuntzaren eta Ikastetxearen erakuntzaren teoria eta praktikaren ikuspegitik irakasten eta ikertzen du. Hezkuntza egitatearen garapena, ikastetxearen makro eta mikro antolaketan nola gauzatzen den aztertzen du, hezkuntza erakundeen eremu erreala, legala eta zientifikoak ikertuz. Haren lehenengo lanak 1986koak dira, eta geroztik, argitalpen eta saio akademiko ugaritan ezagutzera eman ditu bere ekarpenak: bakarrik edo askoren artean egindakoak, kongresu aktetan, aldizkaritan…; hitzaldi, mahai-inguru, irrati edo telebistan…; Doktorego tesi eta behin betiko irakasle lanpostuetarako oposaketetako epaimahaikide lanetan, hainbat jarraipenerako batzorde akademikoetan… eta abar.
1992 urtetik Jorge Oteizak haren Fundazio-Museoko patronatuko kide izendatu zuen, Nafarroako Altzuza herrian 2003tik egoitza duen Museoan. Fundazioaren lana Oteizaren ondare artistiko eta intelektuala kudeatzea da.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados