Azentuaren bariazioa aztertzen hasi ziren lanek korronte berri bat ireki zuten euskal dialektologian. Egun, aldakortasuna aztertzeak hainbat ikerketa eremu zabaldu ditu. Bilakaera honek, askotariko bideak eskaintzen ditu, esaterako: hiri / herri; itsaso alde / baserri alde; zahar / gazte; gizon / emakume... edota denak batera ikertzea. Lan honetan bariazioa lantzea izan da helburua, nolabaiteko aurreiritziak argitzeko asmotan, adibidez: kalean eta baserrietan desberdin hitz egiten dela. Uste horri begiratuta, faktore soziolinguistikoen bidez azterketak egin dira; beti ere, azentuaren araua atera eta hipotesiak argitzeko bidean. Hipotesiak hiru motatakoak dira: azentu sistemarekin lotutakoak, aldagai sozialekin lotutakoak eta aldagai geografikoekin lotutakoak. Xedea, uste horiei argibidea edota erantzuna bilatzea da. Emaitzak galdetegi batzuen bidez lortu dira. Datuak lortzeko, lagina aldagai soziolinguistikoetan oinarritu da, besteak beste: adina, bizilekua eta generoa.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados