HIZNET Hizkuntza Plangintza Ikastaroa e-learning, on-line heziketa edo heziketa birtual izenekin ezagutzen den motakoa da, hau da, nagusiki internet bidez eskaintzen den horietakoa. Euskaraz baino eskaintzen ez den halako ikastaro batek sei urtez (2001etik 2006ra bitartean) irautea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Artikulu honetan, ikastaro honen izaera eta hainbat ezaugarri azaltzen dizkigute Hiznet-eko zuzendariak eta arduradun teknikoak. HIZNET ikastaroa euskararen normalkuntzan behar beharrezkoa den soziolinguistikazko ezagutza kualifikatu eta sistematikoaren premiari aurre egiteko sortu zen. Izan ere, euskararen normalkuntza aspaldian abiatu bazen ere, euskararen normalizazioan lanean dihardutenek, sarritan, intuizioz eta prozesu horren baitako barne-mekanismoez ondo jabetu gabe jokatzen dute, soziolinguistikazko ezagutza-sakonaren falta dela medio. Lan honetan, helburuak eta hartzaileak zein diren azaltzeaz gain, ikasleen ezaugarriak zehazteaz gain, 2006-2007 ikasturteko irakasgaiak, irakasleak, eta ordu kopuruak taula batean agertzen zaizkigu. Bost modulu hauetan banatzen da, hain zuzen, aurtengo ikasturteko eskaintza: 1. modulua: Soziolinguistikaren hasi-masiak: soziolinguistikaren funts teorikoak. 2. modulua: Egoera soziolinguistikoaren diagnostikorako hurbilpena. 3. modulua: Euskara: corpusa eta statusa. 4. modulua: Esparruz-esparruko plangintzak: makroak eta mikroak. 5. modulua: Euskararen komunikazioa. Amaitzeko, ikastaroa hobetzeko eta berritzeko ahaleginen berri ematen digute egileek.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados