}

Lurra irabazteko itsasoarekin lehian

2004/06/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kostaldeko herri batek hazteko duen muga natural nagusia itsasoa da. Baina oztopo hori ez da gaindiezina gizakiarentzat, eta lur-beharra asetzeko itsasoari atzera eginarazten dio; portuak eraikitzen ditu, lurrak lehortu... paisaia zeharo aldatzeraino eragiten du.

Jakina da aspaldi Herbehereen zati handi bat urak estaltzen zuela, edo hiri asko paduren edo ibai handien delten gainean eraikita daudela, Venezia esate baterako.

Herri eta hiri horiek leku estrategikoetan kokatu ziren, itsas trafikoa kontrolatzeko edo babesteko leku egokiak zirelako. Beste kasu batzuetan, ibaiaren bokaleko lur emankorrak nekazaritzarako bereziki preziatuak zirelako mugatu zuten itsasoaren joan-etorria.

Herbehereetan, esate baterako, ikaragarrizko ingeniaritza-lana egin zuten lurrak lehortzeko. Errotak erabili zituzten lurra drainatu eta ura kanaletara ponpatzeko; hala, kanaletatik bideratu zuten ura, eta dike handiak eraiki zituzten Ipar Itsasoaren sarrera mugatzeko. Berez, iparraldean badira duna batzuk itsasoaren sarrera oztopatzen dutenak, baina marea bizietan ez diote urari eusten.




Lurra lehortuta, probintzia berri bat sortu zuten Herbeheretan.
ESA

Proiektua Erdi Aroan hasi zen, eta, gaur egun, dagoeneko 6.500 kilometro karratu irabazi zaizkio itsasoari. Lur horiei polder deitzen zaie, eta Herbehereen azaleraren % 15 osatzen dute. Lur eremu berri hori Herbeheretako hamabigarren probintzia da 1986az geroztik, Flevoland izenekoa.

Herbehereak ibai eta erreka askok zeharkatzen dituzte. Berez, oso gune aldakorra da. Izan ere, lurraren zati handi bat itsas mailaren azpian dago, eta, ondorioz, itsasoaren joan-etorriek eta haizeak zuzenean eragiten diote. Baina gizakiak ingurune egonkorra bilatzen du, horregatik du kostaldea eta hezeguneak menperatzeko beharra.

Populazioaren presioa

Populazioa hazi ahala hirietako mugak zabaltzen joan dira; eta jenderik gehien kostaldean bizi denez, askotan, itsasoari eta hondartzei jaten zaie lurra. Etxebizitzak egiten dira, industriguneak, edo portuak handitzen dira.

Bartzelonan, esate baterako, portu-ingurua itsasoari irabazitako lur-zatia da. Han, merkantzia-portuaren eta kirol-portuaren azpiegiturez gain, aisialdirako guneak daude. 2004ko Forum-erako eraiki duten gunea bera ere itsasoarena zen lehen. Talde ekologistek obrak gelditzeko eskatu zuten; Bartzelonako kostaldea zeharo eraldatuta dagoela argudiatu zuten. Pentsa, Bartzelonako hondartza guztiak artifizialak omen dira.

Etxean ere bai

Euskal Herrian bertan, neurri txikiagoan bada ere, badira itsasoari kendutako lurretan eraikitako portuak, Bilbokoa, esaterako. Pasaiako portua handitzeko ere itsasoari jan zaio tokia. Berez oso babesa izanik, gizakiak aspaldi bereganatu zuen, eta, portuko azpiegiturak gehitu ahala, urak estaltzen duen azalera geroz eta txikiagoa da.

Bestalde, badira lehortutako lurretan eraikitako herriak. Donostian egindako obrek guztiz aldatu zuten badiak zeukan itxura; eta Bilbo bera Ibaizabalen bokalaren lurretan hazi da. Naturalki, itsasoaren eta lurraren arteko muga etengabe aldatzen da, eta aldaketa horiek oztopatu nahian porlanezko hesiak jartzen ditu gizakiak.

Ausardiak ez du mugarik

Itsasoaren bizkarretik lurra irabazteko nahiak ekarri du bitxikeriarik. Dubain eraikitzen ari diren bi uharteak, esate baterako. Uharte horiek guztiz artifizialak izango dira, noski, eta ideia harritzekoa bada, ez da gutxiago uharte horiei emango dieten itxura: palmondoena.

ESA

Arabiar Emirerri Batuetako kostaldea bestela ere nahikoa eraldatu du gizakiak. Gune batzuetan porlana da nagusi, eta eraikinek eta errepideek ematen diote forma kostaldeari. 2008rako Dubaiko paisaia are eta gehiago aldatuko dute, ordurako palmondo-itxurako bi uharteak eginda egongo direla uste baitute.

Luxuzko bi uharte horiek eraikitzeko obran mila eta berrehun milioi euro gastatuko dituzte. Hainbat eta hainbat eraikin eta aisialdirako gune jartzeko asmoa dute han: luxuzko 60 hotel, 5.000 txalet eta beste hainbat apartamentu, parke tematikoak, jatetxeak, kirol-instalazioak, bainuetxeak eta abar.

Uharteak egiteko ehun milioi metro kubiko harri eta hondar erabiliko dituzte, eta, hala, Dubaik 120 kilometro kosta gehiago izango ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia