}

Lehen sorospenak etxean

2005/03/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gida labur honek ez dauka, noski, medikua ordezteko inolako asmorik, ezta gutxiagorik ere. Honen helburu bakarra da gaixoaren edo istripua izan duenaren mina edo ondoeza arintzeko ohar edo gomendio baliagarriak eskaintzea, medikuarengana joan bitartean erabiltzeko.

Asfixia (itobeharra)

Normalean umeek izaten dute, jolasean-edo dabiltzanean gorputz arrotzen bat irentsi, eta, urdailera jaitsi ordez, laringean edo zintzurrestean gelditzen zaienean. Asfixia oso larria izan daiteke. Gehienetan, umeak, eztulaldiaren bitartez, gorputz arrotza kanpora botatzen du, baina, horrela gertatuko ez balitz, berehala buruz behera jarri beharko genuke, aulki baten gainean esaterako, edo geure magalean, gerritik hartuta. Eta sorbalda-hezur edo omoplatoen artean zapladak eman behar dizkiogu, eskua irekita, gorputz arrotza bota arte.

Ume koskortuagoetan edo helduetan, pazienteari atzetik eutsi behar zaio, bi besoekin haren bularraldea inguratuz, besarkada bat emango bagenio bezala, geure esku batekin besteari helduz, eta saihetsezurren kontra bat-bateko presio gogorra eginez. Heimlich-en maniobra esaten zaio prozedura horri, eta, eztula eragitearen ondorioz, gorputz arrotza kanporatzea lortzen da.

Baina aipatutako sistema horiek huts egiten badute, berehala hurbilen dagoen sorospen-etxe, ospitale edo osasun-zentrora joan beharko da.

Hausturak

Hezur-hausturak edo lokadurak ere nahiko usuak izaten dira. Kasu hauetan beharrezkoa da lesionatutako gorputz-adarra istripua gertatu den lekuan bertan inmobilizatzea; izan ere, hasiera batean haustura itxia eta sinplea dena haustura ireki bihur daiteke hezur-zatiak mugituz gero, eta kasua nabarmen konplikatu.

Sekula ez dugu saiatu behar hautsitako hezurra bere lekuan ezartzen, horrela, lesioa okerragotzea besterik ez baitugu lortuko. Egin behar dena da hautsitako gorputz-adarra oholez bermatu, hezurraren printza zorrotzek barneko lesiorik sor ez dezaten.

Lesionatutako gorputz-adarra beso bat baldin bada, egurrezko ohol bat, adarren bat, kartoi gogorrezko piezaren bat edo, besterik ez badago, hainbat aldiz tolestutako egunkari bat erabiliz inmobilizatu behar da besoa, eta oihal, trapu edo buruko nahiz lepoko zapiren batekin eutsi eta lepotik zintzilik jarri.

Hautsitako gorputz-adarra zangoa denean, inmobilizatzeko, bi bastoi edo makila edo egurrezko bi ohol edo taula erabil daitezke, gorputz-adarraren alde banatan 3 edo 4 lekutan lotuta. Azalaren eta inmobilizatzeko erabilitako objektuaren artean kotoi hidrofiloa (edo, besterik ez badago, ehun edo tela bigunen bat) jarri behar da beti, eta, behin inmobilizatzea lortu ondoren, ospitalera eraman behar dugu zauritutako pertsona.

Zauriak

Zauri bat egiten denean, garbitu beharra dago inguru guztia, baina, lehenik eta behin geure eskuak garbitu behar ditugu. Ondoren, zauritutako gorputz-atala batere erroparik gabe utzi behar dugu; zauria txikia eta azalekoa baldin bada, aski da txorrotako urarekin garbitu, merkromina pixka bat eman eta gaza edo esparatrapuarekin estaltzea (tirita bat nahikoa izaten da).

Zauria edo ebakia sakona baldin bada, ez genuke garbitu behar, ezta inolako krema edo hautsik eman ere. Hoberena, pertsona zauritua berehala medikuarengana eramatea da, lehen sendaketa egin diezaioten. Baina, zauria leku zikinean gertatu bada, edo animaliak ibiltzen diren lekuan, tetanosaren arriskua ez da ahaztu behar. Horregatik, egiaztatu txertaketa aspaldikoa den ala ez, eta aipatu hori medikuari.

Odoljarioak

Odoljarioren bat gertatzen denean, odola nola irteten den begiratu behar da beste ezeren aurretik. Odola kolore gorri bizikoa baldin bada, eta aldizka-aldizka zorrotada moduan ateratzen bada, lesionatutako odol-hodian tornikete edo lotura sendo bat ezarri behar da, zauriaren gainetik (baina ez maila berean) gomazko banda batekin edo ehunezko zerrenda batekin edo, besterik ezean, zapata-lokarri batekin estu-estu lotuz, hatzekin odoletan dagoen hodiaren gainean presioa egiten dugun bitartean.

Torniketea, aldian behin, lasaitu egin behar da (zortzi-hamar minutuan behin, 30-45 segundoz), odolik gabe geratu den gorputz-adarraren zatiak odola jasotzeko aukera izan dezan. Bestela, gangrena bat gerta daiteke.

Horregatik, torniketea estuasuneko neurria besterik ez da, arreta mediko hobeak jasotzeko zain dagoen pertsona bati, bizirik iraungo badu, egin beharrekoa.

Belarriko mina

Belarriko mina gaixotasun bakteriano baten ondorio izaten da ia beti, horregatik, ahal bezain laster espezialistarengana joatea komeni da. Eta esan behar da, hain erraz eta hain zabal gomendatzen diren olio-tantek mesede baino kalte gehiago egiten dutela. Tinpanoa mindu dezakete, eta, gainera, gerora medikuaren lana zaildu egin dezakete, belarri-barrua ikusi nahiko balu.

Belarriko mina "arintzeko", ez sendatzeko, noski, onena bero lehorra da. Hondarrez edo gatzez poltsa bat bete, pixka bat berotu, eta minduta daukagun belarriaren gainean jarri minutu batzuetan.

Intoxikazioak

Begi-bistakoa den bezala, lehenengo, zer hartu duen galdetu behar zaio pertsonari, ahal bada behintzat. Baina pertsona korderik gabe badago, albo baten gainean edo ahoz behera etzan behar da, arnasbideak libre gera daitezen.

Ahal izanez gero, produktu toxikoaren ontzikia gorde behar da, ondoren analisiak egiteko. Hona hemen zer egin behar den intoxikazio nahiko usu hauen kasuan:

  • Xaboiak, detergenteak. Ez eragin gorakorik, asfixia-arriskua dago eta. Ez eman ezer edateko. Aparrik sor ez dadin, izotz-puskak edo gozokiak ematea komeni da.
  • Alkohola. Gorakoa eragin behar da, ahalik eta lasterren.
  • Lixiba eta azido kaustikoak. Eman esne ugari, ahal dela 5-9 arrautzaren zuringoarekin nahastuta. Esnerik ez badago, eman beste edozein lidiko. Gorakoak saihestu, ahal dela behintzat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia