Ayuda
Ir al contenido

Dialnet


Resumen de Kulturgintzarako giza eskubideak eta hizkuntzari buruzko herri arauak

Jose Iraolagoitia Mendibe

  • Tesiaren ikergunea osatzen duen galdera hau da: Hego Euskal Herriko Autonomia Elkarteko herrikideen hizkuntza hartu-emanak arautzeko, 1978-1990 bitartean burutu diren legezko aldaketak zer-nolako ondorioak dituzten, horrela gura duten euskaldunak beraien jatorrizko Euskal Herrian euskaraz bizi daitezen, eta ondorioz bidezkoa ote diren edo ez.

    Gaur ere bagara banaka batzuk, gure ohizko gizarte eta herri bizitzan euskaraz burutzeko gauza izan garenok eta burutzeko gogoa ere badugunok. Baina auzia zera da: ea gure banakako gaitasuna eta borondatea nahikoa ote dien gure gaurko herri gizarte honetan euskaraz bizitzeko.

    Euskaraz bizi nahi duen euskal herrikideak duen moduko gizarte sare jakin honetan egotea, ez da halabehar soilaren ondorioa. Hartu izan diren hainbat erabaki hartu ez balira, edota hartu ez diren neurriak hartu izan balira, ez litzateke izango gure egoera oraingoaren parekoa.

    Euskal Herrian euskaraz bizi nahi duen euskal herritarrak hori lortzerik ahal izango duen galdetzen dugu. Galdera hau ikuspegi desberdinetatik egin daiteke.

    Batetik, lan honetan arautegi juridikoari heltzen zaio eta, faktore juridikoak hizkuntza bat mugatzen dituztenak ez badira ere, hizkuntza baten erabilera arautzen duten arau juridikoak hizkuntza horren estatusa osatzen dute eta hizkuntza baten estatusa faktore garrantzitsuenetarikoa da, haren aurrera bizitzarako, haren normalizaziorako.

    Euskal Herriaren Hegoaldeko lurraldeetan, beste hainbat alorretan bezala, hizkuntzazko hartu-emanei dagokien sailean, asmo, irizpide eta, ondorioz, arau berriak azaldu dira XX. mende honetako azken laurdeneko urteotan.

    Espainiako estatuari dagokionez, 1978ko Konstituzioa eta Hego Euskal Herriari dagokionez, batetik Gernikako Estatukoa, eta bestetik Foru Hobekuntzarako Legea.

    Erabaki izan diren legezko arau berriak epaitzerakoan, arau horien oinarritzat edo joten direnak hartu behar dira lehenengo kontuan. Horrela, herrikide bakoitzari zor zaion askatasuna, bere eskuko hizkuntzaren jabe gerta edo gertatzeko askatasuna. Herrikide guzti-guztiak askatasun berdinez, berdintasunez, jokatu dieneko eskubidea.

    Eta hartu diren legezko arau eta erabakiak bidezkoak ote diren edo ez, onak edo txarrak, zuzenak edo okerrak, egokiak edo desegokiak, era honetara erabaki beharko dela uste dut: arau edo lege horrek bideratzen duen gizarteko gertaerak esandako oinarri horiek egiaztatzeko biderik ematen duen edo ez neurtuz.

    Legezko baldintzez gabiltzanez, eta berez dagokion indarrean dagoelarik eraginbidea gizarteko bizitzan, arazoa hemen jarri beharko genuke: ea azken urteotako legezko aldaketak zer-nolako ondorioak dituzten, horrela nahi duten euskaldunak beraien jatorrizko Euskal Herrian euskaraz bizi daitezen.

    Baina arau hauen zer-nolakoa hobeto argitzeko beste herrialdeetako zenbait lege eredu ere eskaintzen dira, batez ere kulturgintzaren eta hizkuntzaren tratamenduak, Europan tratamendu anitzak eta bereizketak dituela aztertuz.

    Bestetik, Gernikako Estatutua lortu denetik eta beronen bitartez Hego Euskal Herriko Autonomi elkarteak aginte maila bat berreskuratu duenetik, herri-agintaritzak erabili dituen arau eta baliabideak aukera hori ziurtatu ote duen aztertzeko, Ertzaintzarekiko gizarte hartu-emanek eta Irakaskuntzaren hizkuntzazko baldintzapenak adibide legez jarriko dira.

    Araubide hori ere erabilpenarekin eta ondorioekin alderatzen da.

    Ertzaintza eta Irakaskuntza adibide bezala aukeratzea ez da ziorik gabeko erabakia:

    Ertzaintza da, Herri araugintza berrian sortu eta osatzen doan herri erakunderik nagusienetakoa. Beraz, erakunde horrena aztertuz ikusi daiteke, legegintza berriak nola ahalbideratzen duen, euskaldunak herri erakundeekin dituen hartu-emanak euskaraz burutzea.

    Irakaskuntza da, bestalde, hitzez ontzat emandako gizarte eredu elebiduna gauzatzeko, herrikide guztiak gazteleraz ezezik euskaraz gizarteratzeko, bitartekorik gehienak bereganatu eta itxaropen handienak sortarazi dituena, gaur bertan ez bada ere, biharko ez urrutiegian herrikide denak elebidun izan gaitezen.

    Bi barruti hauetan euskaraz hitz egin eta euskaraz bizi nahi duen herrikideak zein erantzun jasotzen duen galdetzea, legezko ikerketa bati baino areago, gizartearen soziologia ikerketa bati lotuago legokeela esan daiteke. Agian horrela izan daiteke. Hala ere, legeen egokitasun ala desegokitasuna ezin epaitu daiteke gizartean duten eragina aztertu eta ikusi barik. Hareago: helburu eta goiburuak lortzen diren edo ez, beti izango da nolabaiteko neurria, gutxienez bitarteko bezala hartu diren legeen egoki-desegokitasuna epaitzeko.


Fundación Dialnet

Dialnet Plus

  • Más información sobre Dialnet Plus