}

Tximeleta-festa

2007/07/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Udan, festa-giroa da nagusi zelaietan. Eguzki-printzek giroa epeltzen dute, txorien eta kilkerren kantuak daude nonahi, eta kolore-jaialdia txundigarria da. Festa horretan, koloretako malutatxo batzuk dantzan ari dira: tximeletak dira. Harrotuta dabiltza, lorez lore, pinpilin-panpalan. Ez da harritzekoa; izan ere, garairik gorenean daude, ugaltzeko garaian.
Tximeleta-festa
2007/07/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Pseudophilotes baton
Bergstrasser, 1779
(Argazkia: I. Mezquita Aranburu)

Tximeleta-espezie batzuk goiztiarragoak diren arren, gehienak udan egoten dira gorenean. Ez dira geldi egoten: arrak emeen atzetik edo beste arrak uxatu nahian ibiltzen dira, eta emeak, berriz, ar bat agertu zain edo arrautzak erruteko landare egoki baten bila.

Arrautzetatik jaiotzen dira tximeletak, bai, baina ez da intsektu hegodun dotore hori arrautzatik ateratzen dena, beldarra baizik. Beldarra, jaio orduko, jaten hasten da, eta gose aseezinez jan eta jan aritzen da, hazi eta hazi, harik eta krisalida osatzeko garaia iristen zaion arte.

Krisalida-fasean gertatzen da miraria: arrastaka zebilen beldar baldarra tximeleta hegaldun dotore bihurtzen da. Horretarako, beldarrak leku seguru bat bilatzen du. Hostoen artean ezkutatuta zintzilik jartzen dira eguneko tximeleta asko; gauekoak, berriz, lur azpian sartzen dira. Beldarrak jariakin batekin biltzen du gorputz osoa, eta babesa emango dion estalki bat osatzen du. Izan ere, hurrengo egun edo hilabeteetan hantxe egongo da tximeleta, beste inora alde egiteko gaitasunik gabe.

Krisalidaren barruan, ezkutuan, erabateko aldaketa gertatzen da. Beldarraren barne-organoak desegin egiten dira berriak osatzeko; izan ere, digestio aparatuak, adibidez, elikagai berrietara egokitu behar du, hasi ahotik eta uzkiraino. Beldarra hostojalea zen, baina jaiotzekotan den tximeletak loreen polena izango du elikagai-iturri nagusia. Bestalde, hankak eta hegoak garatzen ditu, eta hiru zati bereiziko gorputza garatzen du; beldarrak ez bezala, tximeleta helduak burua, toraxa eta abdomena ditu.

Estalketa. Tximeletak, gorteiatzearen ondoren, elkartu egiten dira. Horretarako, abdomenaren azken zatian dauden organo sexualak (genitaliak, alegia) batzen dituzte, eta mugimendu txikien bitartez estaltzen du arrak emea. Espeziea: Pararge aegeria (Linnaeus , 1758).
(Argazkia: I. Mezquita Aranburu)

Eraldaketa erabat amaitutakoan, tximeletak krisalida apurtu egingo du eta kanpora aterako da. Orain, helburu nagusi bat du: ugaltzeko laguna topatzea.

Tximeleta maiteminez

Tximeleta-espezie batzuek ordu edo egun batzuk behar izaten dituzte ugalketarako prest egoteko, baina beste batzuk krisalidatik irten orduko ugaltzen dira. Normalean, arrak izaten dira krisalidatik ateratzen lehenengoak; handik lasterrera emeak datoz. Ar batek eme bat sumatzen badu krisalidatik ateratzeko zorian, zain geratzen da batzuetan: emea atera eta hegan egiten hasi aurretik estaliko du.

Espezie batzuetan, ordea, emeak ez du arraren beharrik ugalketarako: espezie partenogenetikoak dira. Adibidez, Psychidae familiako tximeleta batzuekin gertatzen da hori, Alemania inguruan. Espezie bereko Euskal Herriko tximeletak ez dira partenogenetikoak, emeak arrekin ugaltzen dira; nolabait, Alemaniatik hona gerturatzen doazen heinean arrak ere agertzen dira, eta, hortaz, leku batzuetan biak daude: eme partenogenetikoak eta arren beharra duten emeak.

Oro har, arrak eta emeak desberdinak dira, hau da, dimorfismo sexuala dago. Emeak handixeagoak izaten dira, eta arrek kolore biziagoak izan ohi dituzte. Jarrera aldetik ere bereizten dira; izan ere, arra ibili ohi da eme bila batera eta bestera; nahiko lurraldekoia da, gainera, eta lurralde finko-finko bat izaten ez duen arren, dagoen tokian dagoela, inguruan dituen arrak uxatzen saiatzen da.

Lurrinzaleak. Tximeleta honen hegoetan ikus daitezkeen ile-itxurako elementuak androkonioak dira. Eraldatutako ezkatak baino ez dira, emeak erakartzeko 'usaina' zabaltzen duten organoak. Espeziea: Euphydryas aurinia
Rottemburg,1775
(Argazkia: I. Mezquita Aranburu)

Espezie bereko emeari hautemateko, feromonei erreparatzen die arrak. Emeak isurtzen dituen molekula berezi eta erakargarriak erraz 'usaintzen' ditu arrak, antenen bidez. Espezie batzuetako arrak oso sentikorrak dira, eta gai dira kilometrora edo kilometro eta erdira dagoen eme bati ere antzemateko. Baina emeek bakarrik ez, arrek ere jariatzen dituzte feromonak. Emea aurkitutakoan honek onartu egin beharko du, eta horretan arraren feromonek ere badute zeresana. Emeak arraren feromonei erreparatzen die gustuko duen erabakitzeko.

Arraren eta emearen arteko erakarpena gertatzeko, hortaz, feromonetan dago giltza. Beste animalia askoren jarreran ere agintzen dute, baina tximeletek leku berezia dute feromonen ikerketaren historian; izan ere, isolatu zuten lehenengo feromona tximeleta batena izan zen, zetaren beldarraren tximeleta emearena ( Bombyx mori ), hain zuzen ere.

Feromonak bere alde ditu tximeleta arrak, baina, horretaz gain, ahalegin guztiak egiten ditu emea erakartzeko: bere hegaldi dotorea erakusten dio, nabarmentzen saiatzen da. Gorteiatu egiten du arrak emea. Eta behin emea estalketarako prest agertzen denean, leku egoki bat bilatzen dute.

Dotoreak, baita estalketan ere

Estalketa oso une kritikoa da: bi tximeletak elkarri lotzen zaizkio, eta, harrapari bat agertuz gero, arrisku larrian egoten dira, kosta egiten baitzaie hegan alde egitea. Halakoetan, espezie txikienek abantaila dute, bizi samarrak dira eta; espezie handienek, ordea, nekez egin dezakete ihes elkarri lotuta daudela. Horregatik, ahal dela ezkutuko lekuak aukeratzen dituzte, sasitzak, esaterako. Beraz, ez da harritzekoa tximeleta handien estalketak izatea behatzeko zailenak.

Arrak biziago . Irudi hauetan, dimorfismo sexuala ikus dezakegu --tximeleten artean sarritan gertatzen da--. Arren koloreak deigarriagoak izan ohi dira (predatzaileen aurrean lehentasuna izateko). Espeziea: Antocharis cardamines (Linnaeus, 1758).
(Argazkia: I. Mezquita Aranburu)

Tximeleten estalketa, normalean, bakoitza alde batera begira dagoela gertatzen da, simetria dotore bat osatuz. Eguneko tximelekin gertatzen da hori. Baina gaueko espezieak, oro har gautarrak diren eta kolore arreak izaten dituzten horiek, aurrez aurre ere topa ditzakegu batzuetan. Elkarri lotu, eta arrak emea ernaltzen du abdomenaren mugimendu txiki-txiki batzuen bidez.

Tximeleten organo sexualak oso konplexuak dira. Organo bereziak dira benetan; izan ere, espezietik espeziera beti dago bereizgarriren bat, eta baita espezie baten barruan subespezie batetik bestera ere. Hori dela eta, begi hutsez bereizterik ez dagoen subespezieak sailkatzeko, organo sexualen fisiologiari begiratzen diete.

Azterketa hori egiteko, tximeleta hil, lehortu, eta bere abdomenaren azken zatia disoluzio egoki batean sartzen da, eta mikroskopioz begiratzen zaie tximeletaren organo sexualei. Tximeleten kontserbazioaren ikuspegitik azterketa hori eztabaidagarria da, batez ere, helburua ikerketa edo subespezie berri bat sailkatzea ez denean, hau da, bildumazalekeria hutsak bultzatua denean.

Tximeletak maite dituztenen ustez, bildumazalekeriak min handia egin die tximeletei. Kontuan izan behar da espezie asko arriskuan dagoela, eta bildumetan ez dira tximeleta ohikoenak bakarrik biltzen, espezie arraroetako tximeletak ere erakusten dira; are gehiago, batez ere espezie arraroetako tximeletak interesatzen zaizkie bildumagileei, edo espezie baten barruan arraroak diren aleak, ginandromorfoak, esate baterako --hau da, bi sexuen ezaugarriak dituzten tximeletak: hego batek arraren ezaugarriak izaten ditu, eta besteak emearenak--.

Festa-amaierako oparia. Gure lurraldeetako tximeletarik ikusgarriena, ezbairik gabe. Mendi-tontorretako erregina, nonahi topa badaiteke ere. Espezie gehienetan bezala, emeak handiagoak dira arrak baino. Espeziea: Papilio machaon
Linnaeus, 1758
(Argazkia: I. Mezquita Aranburu)

Aukeran, tximeletak erakusleiho batean iltzatuta, hautsa hartzen, ikustea baino askoz zirraragarriagoa da dagokien lekuan ikustea, hau da, zelaietan lorez lore dantzari. Zelai, mendi eta basoetako udako festa-giroaz gozatzeko garai paregabea da hau, esan dugu. Hori bai, festa ez da betiko; negua gerturatu ahala, tximeletak bakanduz joango dira, eta gutxi batzuek baino ez dute iraungo hurrengo udaberrira arte. Baina, gogoratu, neguan ere hor daude tximeletak; ez dabiltza hegan, ezkutuan daude, gehienak krisalida eran. Baina datorren urtean berriz esnatuko dira eguzkiaren epeltasuna eta kilkerren kantua sumatzen dituztenean, eta festa berriz hasiko da.

Rementeria Argote, Nagore
3
233
2007
7
033
Zoologia
Artikulua
32

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia