IÑIGUEZ, Marta:Filosofoa, pedagogoa eta sormenean aditua

2006-01-01

1965az geroztik prozesu sortzaileen ikerketan eta sormenaren garapenean aritu da, eremu askotan: enpresa eta erakundeetan, gobernuetan, komunikabideetan, irakasleen prestakuntzan, artean, zein garapen eta hazkunde pertsonalerako planetan.

13 urtean TVEko haurren zein nerabeen programetako aholkulari pedagogikoa izan zen, hala nola, “Pista libre”, “La bola de cristal” edo “Espinete” saioetan.
Bere lana 16 herritan burutu du (AEB, Mexiko, Kolonbia, Argentina…). Baina lan gehien Euskal Herrian egin du Margak (1973an hasi zen hona etortzen).

 
 

Sormenean, zer alderdik eragiten dute?

Sormena oso gertaera konplexua da. Batetik, biologikoki garun hirukoitzarekin mugitzen garelako: alde errektiliarra (egitea, oraina), linbikoa (emozionala, iragana) eta neokortesa duena (pentsatzea, geroa). Beraz, ideiak etor daitezke pentsatzetik, egitetik, edo sentitzetik.
Baina gainera, sortzeko orduan eragina du, baita ere, aurreko belaunaldietatik odolean metabolizatuta dakarzun guztiak, eta bizitzan zehar fetu arotik hasita jasotzen zoazen informazio horrek guztiak, zure datuen barne artxiboa osatzen baitute. Sormenaren iturburua ahaztu gabe: pasioa, desira sakona. Eta horri guztiari gehitzen zaizkio zalantzak, beldurrak, egoeren osotasun bat, modu batean edo bestean sortzea dakarrena.

”Sormena” diozunean, zertaz ari zara?

Pertsonek eta herriek eraldatzeko, aurreikusteko, ikuspegi berezi eta propio bat edukitzeko, eta arazo berririk sortu gabe arazoei soluzioa emateko dugun gaitasunaz.
Sormena eskubide bat da, eta premia larri bat. Sormen propioa edukitzea eskubide bat da, adierazpen askatasunaz haratago doana, eta Konstituzioek jaso behar lukete. Baina gainera, premia larri bat da, mundu mailako arazo zerrenda ikusita. Pobreziari irtenbidea emateko, bake arazoei, ekologia arazoei erantzuteko, ezinbestekoa da lehenbailehen soluzio berriak bilatzea, eta irudimena edukitzea horiei heldu ahal izateko. Hezkuntza sistemak, politikoek, gizarteak orokorrean herritarren talentua aprobetxatzen ez badu, arduragabekeria hutsa izango da, zabarkeriaz gainera. Benetan inporta duena barne produktu “ez brutoa” edo “ez gordina” da; irudimena, alegia. Industrializaziotik informazioaren gizartera pasa gara, ezagutzaren gizartera, baina hurrengo pausoa irudimenaren gizartea da. Jada ez da aski izango ezagutza edukitzearekin; irudimena beharko da soluzioa emateko, aurreikusteko, eta horren harrapatuta gauzkan mundu mailako zurrunbilo honetatik irteteko.

Eta horretan, eskolak zeri heldu behar dio une honetan?

Hasteko, jakin irakaslearen funtzio hura, informazioa ematearena, jada zentzugabea dela. Informazioa emateko bitarteko teknologiko guztiak ditugu. Une zoragarria da hau beste hezkuntza bat planteatzeko, zeinean irakaslea benetan irakasle izango den: ikaslea bere baitara hurbiltzen duena, bestearengana, bizitzara hurbiltzen duena. Eta ez esateko zer egin behar duen bizitzarekin edo bestearekin, baizik eta irakasteko konturatzen zer den gertatzen zaiona, zer gertatzen zaion besteari, eta zer egiten duen horrekin guztiarekin. Irakasteko ezberdina dela pentsatzea, egitea, sentitzea, eta jakiteko zer egin horrekin. Gure garun hirukoitza lantzen irakasteko garaia da: ikasleak jakin dezala orainean egoten, soluzioa ematen, eta jakin dezala memoria pertsonal eta kolektiboaz baliatzen ondare hori galdu gabe, eta etorkizunerantz jotzen. Eta bi hemisferioetatik landu: eskuinetik, logika eta sekuentzia ematen digunetik, eta ezkerretik, perfekzioa, irudimena, sintesia ematen digunetik. Alegia, garen horren erabateko garapenera iritsi.

Bakoitzaren singulartasuna garatzera iristea, beraz…

Bai. Pertsona bakoitza bakarra eta errepika ezina da, bai biologikoki, eta bai bizitzan zehar osatzen duen barne artxiboagatik. Eta ikasleak hain berezia den barne artxibo horrekin konektatzen ikasten badu, eta besteak ere bere artxibo berezia duela ikasten badu, oso garrantzitsua den gauza batean sartuko gara: norberak, izaki sakratu eta errepika ezina den aldetik, daukan arduran (eta hori “nik paso egiten dut” edo “niri denak bost axola” bezalako jarreren justu kontrakoa da), eta besteari zor zaion errespetuan.
Badira sormen frogak, non jendeak berehalaxe ikusten duen norberak egin duena beste inori ez zaiola bururatu 40 laguneko talde batean, edo alderantziz, denoi 4 ideia berak otu zaizkigula. Atentatua iruditzen zait ez lantzea, etengabe eta frogekin, pertsona eta herri bakoitzaren singulartasuna. Gaitz larria da, talentua galtzea baita.

Zergatik ez da lantzen singulartasuna?

Uste dugulako ezagutzarako eta bizi esperientziarako guztiok dugun sarbidea bera dela. Bakoitzak bere erreminta kaxa berezia dakar. Arazo nagusia hauxe da: denek kaxa berbera edukitzea nahi dugu, nor bere botere propioekin gorenera iritsi beharrean. “Aniztasunaz” hitz egitea oso modan dago, baina aniztasuna ez da gelan jaioterri askotariko haurrak izatea soilik. Gutako bakoitzarengan, barne aniztasuna izugarria da.

Zertarako sormena?

Bizitzarako. Artea zoragarria da, baina bizitzaren suzedaneoa da, benetako artea bizitza bera da. Niretzat, ekintza sortzaile behinena samurtasuna da, non ezer ez den errepikatzen. Eta samurtasunera zure alde hauskorretik iristen zara, ez handiustearen edo gailentzearen aldetik. Samurtasuna zuk zure hauskortasuna eta bestearena onartzen dituzunean sortzen da; bien hauskortasun horretan ematen da samurtasuna. Niretzat, eguneroko ekintzarik garrantzitsuena da.

Gure alde hauskorretik sortzen dugula diozu, eta ez alde gailentzailetik. Zergatik?

Sortze bidean jartzeko, lau eremutan sartu behar delako.
Bata da “ezikastea eta askatzea”. Ideiek iraungipen data dute, eta badira ezikasi behar diren jokabideak ere (nahiz eta agian, aurrerago berriz ere hartu behar izan). Ezagutza edo jokabide gisa atzean gelditu zaizuna askatu egin behar da: ezin dugu gure eskoletan oraindik atomoa banaezina dela esaten segi, edo zientzian dena dela “kausa-efektua”. Usteldu dena askatu egin behar da hutsuneak izateko, berriari leku egiteko, norberaren originaltasunarentzat espazioak izateko.
Beste igarobide bat ziurgabetasuna da, zalantzaren ziurtasuna. Galderak egin ezean, ez dago aurrera egiterik. Greziar filosofo baten esanetan, bere buruari galderarik egiten ez dion pertsona hilik dago bizitzan.
Beste igarobide bat hanka sartzeak dira, eta horiei bi modutan egin geniezaieke aurre: soinean zama moduan hartuz, eta blokeatu egingo gaitu horrek, edota aurkikuntza berrietara garamatzan giltza moduan hartuz. Zientzia eta teknologia ere ate berriak zabaldu dituzten okerrez beteta daude.
Laugarren igarobidea eraldaketak dira. Unibertsoan dena aldatzen da, harriek ere barne mugimendua dute. Ezin gara kukutu, “kieto” jarri, esanez: “Gauzak halaxe dira, hala izan direlako beti”.

Okerrak eta ziurgabetasuna. Nola landu hezkuntzan?

Okerrak ez zigortuz. Ikasleak “zuzena” ez den zerbait egiten duenean, berarekin hitz egin, eta pentsa dezala: zer ikasi dut huts honekin? Zenbat ate zabaltzen dizkit, norantz narama?
Edisonek, bonbilla lortzeko, 990 aldiz egin zuen porrot. Galdetu omen zioten: “Eta horrek ez zintuen nekatu?”, eta berak erantzun: “Ez, zoragarria da! Badakizkit bonbilla bat ez egiteko 990 modu”.
Aldiz, nora goaz hezkuntza triunfalista honekin? Nola nahi dugu, gero, gizarteak eduki dezan behar duena, alegia: arazo berririk sortu gabe proiektatzen jakingo duen jendea? Neska-mutilek ikasi behar dute ez dela ezertxo ere gertatzen porrot egiteagatik, ez duzula zeure buruaz beste egin beharrik. Gainera, datorren gizartean dena horren aleatorioa denez, ezin dugu beti zuzen erantzun, huts egitea landu behar da. Ziurtasunen heziketa batean gaude, eta ziurtasunak baino gauza ez zientifikoagorik ez dago. “Baldin eta” esaten hasi beharko dugu, eta hipotesien zein alternatiba askoren gainean lan egiten hasi.

Horretarako, zer da zuk proposatzen duzuna?

Esaterako ebaluazioetan, erantzun zuzenak bi edo hiru behintzat izatea, eta ez bakarra. Ikasleari hainbat aukera ikusten laguntzeko moduko frogak jarri behar dira, eta ez “a ala b” gisako froga objektibo horiek, subliminalki ematen duten mezua hauxe baita: gauza guztiak zuriak ala beltzak dira. Gisa honetako galderak ere egin daitezke: “Idatzi 30 egoera, non erantzuna beti 5 den”, ikasleak planteatu behar izateko zer esan nahi duen 5-ek. Edo jolas hipotetikoak egin, esaterako “zer gertatuko litzateke… lurrik ez balego” edo “inoiz ez balu euririk egingo”. Alegia, pentsatzen irakatsi, baina arlo guztietan eta etengabe.
Planteamendu baten “misiolari” moduan aritu izan naiz, urte askoan, eta orain praktikara eramaten ari gara zenbait unibertsitatetan. Kontua zera da: ebaluazioan, landutako gaia zernahi dela ere, galdera hau jartzen da beti: “Eta zuk nola ikusten duzu?”. Esaterako, “grabitatea: zuk nola ikusten duzu? Zer iritzi duzu grabitateaz?”. Kuestionatu gabe apunteetan dagoena soilik esaten badute, bihar ez da ezer deskubritzeko kapaz den ikertzailerik izango. Ikasleekin adostu egiten da, galdera horri erantzun ezean zenbat puntu kenduko diren (ez da erantzuna bera ebaluatzen, ez baitago erantzun “okerrik”).
Ikasturtean zehar, berriz, plantea daitekeena da ikasle bakoitzak proiektu bat sortu beharko duela gela horri begira: izan daiteke hitzaldi bat nahi duen gaiari buruz (ez du zertan izan gelan lantzen den gai bat), edo tresna bat, edo antzezlan bat… zerbait, asmatzaile moduan. Hemendik pasatzerakoan zure ekarpena utz dezazun. Kolonbiako oso unibertsitate garrantzitsu batean, arkitekto titulua lortzeko ikasleek zerbait ekarri behar diote arkitekturari, lehen ez dagoena: material sistema berri bat aurkitzea izan daiteke, edo ateak irekitzeko sistema berri bat.

Nola ikusten duzu irakaslearen papera eskolan?

Oso zaila du. Kontraesanen munduan bizi gara: etxean elkarbizitza ona nahi dugu, eta gaztetxoak euren artean ondo molda daitezela. Eta aldiz, ez dugu arlo emozionala lantzen uzten. Eta txikitatik nire lurralde pertsonala ez badut landu, eta nire lurraldea nola konpartitu beste pertsonarekin ez badut landu, egingo dudan bakarra nire segurtasun-gabezietatik defendatzea izango da, eraso eginez.
Zoriontsuak izan daitezen nahi dugu, eta ez dauzkate gai hori lantzeko espazioak ere; alegia, “nola naiz zoriontsu?”. Orduan pentsatzen dugu norbait zoriontsu dela gauza asko dituelako, ez bere larruan gustura sentitzen delako. Eta gorputza ahazten ari garenez, haurrari janariz betetzen diogu gorputza, telebista aurrean edo etxeko lanak egitera eserarazten dugu (nahiz legez debekatuta dauden 1977ko azaroaz geroztik), jarduera ugariz betetzen dugu, denetik leporaino jartzen dugu haurraren gorputza. Beti eserita daude, taupadarik gabeko gorputz batean, paralizatutako gorputz batean, “txikito, ez hadi mugi!” erako eskoletan. Gorpuztasuna bizi egin behar da: mugitu, behatu gorputza, ez ahaztu gure radarra den hortaz.
Nahi dugu zoriontsuak eta solidarioak izan daitezen, baina lehiakortasun puru-puruan sartuta gaude, zeinek hobeto egingo. Eta to lehiaketak telebistan, nola hondoratuko parean dudana. Zera saltzen ari gara: “nik irabazi dut, zuk galdu duzulako” edo “zuk irabazten baduzu, nik galtzen dut”. Eta berez, badago lekua “irabazten dut, irabazten duzu” planteatzeko, denean: negozioetan, familian, denean.

Lehiakortasun hori badirudi beharrezkoa dela gizarte honetan bizirauteko, edo behintzat hori da saltzen dena.

Bada, nik puntu honetan dei egin nahi diot femeninotasunari. Gizonarengan eta emakumearengan dagoen femeninotasunari, ez baita emakumeon jabetza soilik. Uste dut aro berri batean gaudela, eta femeninoaren unea dela. Eta ez naiz emakumeek zuzendaritza postuak betetzeaz ari (nahiz hori ere ez dagoen gaizki). Femeninoaren esentziaz ari naiz: femeninoa nutrizioa da, irekia. Bizitzaren zerbitzura egotea da. Hori da femeninoa, nahiz une honetan femeninoa izateko lehiakorra izan beharra dagoela saltzen diguten.

Berezia eta ezberdina izatea guztion ahotan dagoen balio bat da, baina badu kostu bat ere: gehiengotik irten beharra.

Hori errealitate bat da, eta eskolan landu egin behar litzateke, norbait errespetatzen ez duzunean zeu galtzen ari zarela pertsona hori, eta pertsona horrek ere galdu egiten duela zu zarena. Eta badela norbait, inolaz galdu behar ez duzuna: zeure burua.
Bestalde, kontraesan bat ere badago hor: hain lehiakorra den gizarte honetan, lan munduan nork egingo du aurrera? Besteek egiten ez duten zerbait egiten duenak. Gehiengotik irteten denak, eta zerbait bereizgarria eskaintzen duenak. Horregatik, hezi eta irakatsi behar dugu dena jokabide bide-urratzaileen bidez, ikasleek ekimena, ideia propioak izan ditzaten. Pertsona bat neuronak “kontrako” norabidean mugitzen zituen aldiro familiak eta eskolak zapaldu badu, bada pertsona horrek, edo erasokor bihurtu beharko du, edo autoestimua oso garatua eduki beharko du, eta esan: “arazoa eurena da, eta nik aurrera jarraitzen dut, hori delako nire helburua” (jeinuek bizitza guztian zehar egin izan dutena, alegia). Sorkuntzan beti dago urratze edo “transgresio” bat: ez duzu sortzen, urratu egiten duzu (arau bat hausten duzu, beste bat sortzeko). Eta gai hori oso interesgarria da eskolan lantzeko: astakiloarena egiten dut, edo urratu egiten dut?
Denak uniformatu nahian, talentuak galtzen ditugu. Eta hemen galduta dagoen lehena irakaslea bera da. Pertsona den aldetik eta jakintza mailan. Gauzak hain markatuta egin behar dituen irakasle hori, bere egiteko bakarra programen abiadura zoroan joatea den irakasle hori, eta bere sormena, bere talentuak garatu ezin dituen irakasle hori da galduta dagoen lehena.

Sormen lantegiak ematen dituzu. Ideia bat egin dezagun, zer da lantzen dena?

Lantegira datorren jendearen arabera izaten da hori. Batzuek interes gehiago izaten dute euren sormen prozesuan, eta beste batzuei axola zaiena da, zein den sormenaren emaitza. Adibidez, enpresaburuekin, diseinugileekin aritu izan naiz, eta sormena proiektu jakin baterako nahi zuten. Kasu horietan teknika batzuk lantzen ditugu, proiektu zehatz horri erantzuteko.
Beste batzuetan garapenean zentratzen gara. Hemen beti gorputza lantzetik hasten gara (niretzat nahitaezkoa dena), eta gero dator sakontzea; ideiak nola datozen pentsatzetik, nola datozen egitetik, eta nola sentitzetik aztertuz; eta kontuan hartuta hori guztia sortzeko baliabide dela, eta dena elkarrekin lotuta dagoela. Beste gaitasun batzuk ere lantzen dira: nola aurreikusten dudan, nola ateratzen ditudan datuak barne artxibotik, nola imajinatzen, nola hautatzen dudan.

Lantegira datozenak irakasleak direnean, normalki, zer lantzen duzu?

Normalean, lehen zatia euren buruari dago zuzenduta, euren sormenean barna ibil daitezen, eta daukaten gaitasunaz jabe daitezen (batzuetan halakorik ez dutela sinetsita baitaude). Gero zati didaktikoa dator: nola aplikatu sormena. Nola egin eskola sortzaileago, eta nola eragin giro sortzaile bat nire ikastetxean edo hezkuntza komunitate osoan.

Euskal Herrian lan asko egin duzu. Lanik gehien egin duzun herria hauxe da, 1973az geroztik etorri baitzara hona. Sortzeko zer modu dago hemen?

Kultura bakoitzak bere sortzeko modua du. Hemen ezaugarri batekin egin dut topo: sinbolikoagoak zarete. Hitz bakoitza sinbolo bat da (ez dakit euskaraz, baina asko interesatzen zait nola sortzen diren hitzak esanahiak elkartuta). Oso interesgarria da jendeak nola sinbolizatzen duen, eta zer puntutan jartzen duen ekintza. Jakin nuenean aditza esaldiaren azkenean doala, “lan egiteko modua bezalaxe da-eta” pentsatu nuen. Beti bukaeran egiten da ekintza, ebazpen bezala, eta oso azkar, baina behin pauso batzuk eman eta gero, eta ez hasieran. Niri hau asko interesatzen zait. Eta baita jendea zer emozionala den ikustea ere, nahiz espresatzerakoan erreparoak izan batzuetan. Jendea oso sentibera da, eta aldi berean ekintzaz azkarra, eta bi puntu horiek oso interesgarriak iruditzen zaizkit lantzeko. Eta hau diot, besteak beste, uste dudalako herri honetako gatazkak arlo emozionaletik konpondu behar liratekeela.

Sormena bakerako erabil al daiteke? Nola landuko zenuke?

Niretzat gakoa jolas asko egitea da, jolasetan gorputz kontaktua baitago, elkarri begietara begiratzen baitiote, eta barre asko egiten baita. Eta txikitatik. Izan ere, jolastu duzunarekin eta lotura afektibo bat sortu duzunarekin, has zaitezke ulertzen beste horrek ezberdin pentsa dezakeela.
Gatazkak arrazoiak emanez konpondu nahi izaten ditugu, hausnarketa mordo bat eginez; neokortesetik, alegia. Eta izatez, gatazkek zerikusi gehiago dute zati errektiliarrarekin, hor ematen baita segurtasun eza, mehatxua sentitzea, edota “ni zu baino gutxiago naiz”, “zu ni baino gutxiago zara” eta horrelako sentimenduak. Gatazkari buruz hausnar daiteke, behin ia konponduta daukazunean (gatazkaz arrazoitzeko gai bazara, hainbesteko arazoa ez den seinale).
Hemengo elkarbizitza arazoa ere, ez zait iruditzen pentsaera arazo bat denik. Beldurretatik sortzen den gatazka bat da, alde guztiek sentitzen dituzten beldurretatik: lurralde pertsonalak galduko ote diren, identitate pertsonalak edo identitateak izateko eskubideak galduko ote diren. Eta beldurrak orainean sortzen dira. Beste gatazka batzuk aurreko belaunaldietan gertatu zena emozionalki oroitzetik datoz; hori iragana da, eta hori arlo emozionalean gertatzen da. Eta etorkizuna proiektatzeko, oraina eta iragana landu behar dira.
Niretzat oraina lantzea litzateke ikastea esaten: “niri hau gertatzen ari zait”, “zuri hau gertatzen ari zaizu”, eta ez da epaitzen. Landu lurraldeen beldurrak, landu emozioetan nola jotzen dudan atzerantz, nola gurutzatzen zaizkidan kableak boterearekin, edo ikusten dudanean honek arrazoi gehiago izango duela nik baino…

Bullying-a. Zer egin ekiditeko?
Uste dut eraso moralik ez litzatekeela emango (eta hemen bai sinesten dudala gizakiarengan), lehendik pertsona horrekin jolastu baduzu, gozatu baduzu, eta ikusi baduzu bestea zaurigarria edo hauskorra dela. Gakoa da, hauskortasuna landu behar dela. Eskolan dena da arrakasta, eta burua tente joan beharra. Onar dezagun gure hauskortasuna, eta aldarrika dezagun samurtasuna. Biolentziaren gaian, sormen estrategia gisa, planteatzen ari naizena hauxe da: buelta eman behar zaio kontuari; biolentziaz hitz egiteaz aski dugu, hitz egin dezagun samurtasunaz. Gainera, askotan biolentzia samurtasun faltagatik da.

Telebista biolentzia kaxa bat da, koloretan. Ez dago botatzen dituzten filmak eta albisteak ikusi besterik.

Bai. Baina telebistak biolentzia are eta boteretsuago bat ere planteatzen du: beti eredu bakar bat irteten da, zuk inoiz izaterik ez duzuna (ezin ederragoa eta aberatsa). Eta hori eraso bat da. Izan ere, zer pasatzen da miseriatik ihesi datorren jendearekin, era berean engainatuta datorrenean telebistak “errealitate” bezala, “bizitza bezala” aurkezten dion horrekin?
TVEn aritu nintzenean, asko zaindu nuen amaren rola egiten zuten denak oso arruntak izan zitezen, eta irteten ziren haurrak mota guztietako arropekin azal zitezen, eta betaurrekodunak ere agertu zitezen, edo pottoloak, edo down sindromea zutenak.
Gaur egun oso inplikatuta zaude, batez ere Hego Amerikan, pobreziari aurre egiteko sormenezko formulak bilatzen.
Orain urte asko, neure buruari helburu bat jarri nion: sormenak balio behar du arazoak konpontzeko, pobreziarena kasu. Guatemalan, “Sormena Errazten Dutenen Eskola” sortu dute, eta han ere aritzen naiz. Helburua da pobreziatik irteteko sormenezko ideia berriak bilatzea, komunitateetan bertan. Jendea prestatzen ari gara ekimena izan dezan, hezkuntzan mundu mailan ere oso gutxi landu baita hori, ekimena izatea.

Argentinan kontatu zidaten (eta egiatan gertatu zen hau), nola neska batek galdetu zion amari: “zergatik moztu behar zaio punta ‘peceto’ari?” (haragi mota bat da ‘peceto’a). Eta amak erantzun: “plater hau halaxe egin izan delako beti”. Amonari galdetu zion gero, eta erantzun berbera jaso zuen, “bizitza guztian halaxe egin delako”. Azkenean birramonarengana jo, eta honek, harrituta: “Punta moztu behar al zaio ba? Ez nekien halakorik! Nik beti moztu izan diot; bestela, ez zait nire kazuela onenean sartzen