Xamar: "Euskararen normalizazioaren arazoa ez da pedagogikoa soilik, soziala da, alegia, politikoa. Kalean dagoen zerbait da, eskolak ezin du konpondu"

2011-06-01

Juan Carlos Etxegoien izenez bataiatu arren, Xamar ezizenez ezagunagoa da irakasle nafar hau. Garraldako Xamarrena etxekoa izatetik datorkio izena, ohitura zaharra segituz.

20 urtean aritu da Iruñeko Jaso ikastolan, haurrekin lanean, eta irakasleekin ere bai, Irale Programaren  barneko prestakuntza ikastaroetan. Gaur egun, Bilboko Zenbat Gara euskara taldeko kide da.Gure kulturaren dibulgaziorako zenbait liburu idatziak ditu: Orhipean, Gure Herria ezagutzen (1992), Orekan. Herri eta Hizkuntzen ekologiaz (2001) eta Euskara Jendea. Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza (2006).Hizpide ditu beti euskara eta kultura, baina ez betiko gauzak esateko. Gai hori hartuta, gauzak diren moduan esaten hasteko garaia dela dio, haren ustez panorama ez baita batere ona Euskal Herrian. Argi eta garbi dio euskararen arazoa ez dela eskolaren edo hezkuntzaren arazoa, gizarte arazoa baizik, politika arazoa.

 

 
 

Euskal Herria, Euskararen Herria, Euskara Jendea… esan izan duzu. Zer-nolako osasuna du, 2011. urte honetan?

Eri den komunitate batena. Alde batetik, sintoma onak ditu eta, bestetik, oso txarrak. Onak, Jon Sarasuak maiz aipatu dituenak. Euskal komunitateak azken berrogeita hamar urte hauetan egindako lana gaitza izan da: hizkuntza batu du, irakaskuntza eta alfabetatzea antolatu eta zabaldu dira, oinarrizko ikasketak eta goi ikasketak, komunikabideak sortu dira (irratia, telebistak, Berria egunkaria, aldizkariak…), tradizioa egokitu du (kantak, bertsolaritza gaurkotu dira, musika alor berriak jorratu dira…). Txarrak, hauek: elebidunek –alegia, euskaldunek– gutxiengoa izaten jarraitzen dute beren lurraldean, hizkuntza –euskara denean– aukera pertsonalen artean sarturik dago, eta erdara, berriz, ezagutu eta erabili beharra dago; euskarak ez du zinezko ofizialtasunik bere lurraldean inon… Horrek guztiak ahuldu egiten du komunitatea, eta, jakina, motibazioa galdu da.

 

Euskararen aldeko kontzientzia egon delako iraun dugu beti. Kontzientzia eta koherentzia uztartzea falta da. Zer da hori?

Gure hizkuntza komunitatearen iraupena harrigarria da historikoki. Pentsatzea hori kasualitatea izan dela, mendien artean ahaztutako herri bakartua izatearen ondorio dela, inozokeria galanta da, historian eta geografian, besteak beste, ezer ez dakiguna erakusteaz gain. “Orain, mestizaje kulturala”, esaten da. Eta zer da hori? Mintza gaitezen argi. Kepa Junkerak soilik egiten al du mestizaje kulturala? Mauriziak eta Leonek egiten zuten, jakin gabe, alboka jatorriz instrumentu arabiarra baita.Beste hizkuntzekin eta kulturekin elkarrekintzan aritu behar dela esaten da gaur egun. Baina hori beti egin izan da. Ez dago kultura bakarturik munduan. Bizirik iraun duen kultura batek egin izan duena hauxe izan da: ingurukoekin harremanetan egon eta hartu, moldatu, utzi… denetarik. Bizirik baldin badago, bederen. Guregatik ere esaten da puru iraun dugula. Hala balitz, mendiko kobazuloetan jarraituko genuke ehizan eta margotzen, eta ez da hala. Hori ez da posible izan, Europako pasabide garrantzitsuenetakoan gaudelako, Pirinioak igarotzeko pasabide naturalean. Bestea Katalunian dago. Non daude autopistak? Huescatik ez dira pasatzen, Euskal Herritik eta Kataluniatik baizik. Beraz, ideia hori, herri isolatuarena, konkistatu gabeak garela dioen ideia hori, faltsua da. Kanpokoek ezarri diguten ideia da, sinetsi egin dugu, eta, bidenabar, konplexua sortzen digu: “Bai, oso itxiak gara, ireki egin behar dugu…”. Ireki? Gehiago? Gu bezalako herri demokratikorik ez dago, zeren gure herri definizioa hizkuntzan oinarritzen da: ikasi hizkuntza eta gutarra izango zara. Hori baino zabalagorik? Ez da larru kolorea, ez erlijioa, ez sinesmenik…, hizkuntza jakitea baizik: euskaraz baldin badakizu, euskalduna zara, gutartekoa.Kultura gutxik definitzen du bere burua mintzoa oinarri hartuta. Herria euskararen herri bada eta, logikoki, herrikidea euskara duena bada, garbi dago zer-nolako hizkuntza kontzientzia egon den hemen, zernahi zela egoera historiko eta politikoa. Gaur egun, aldiz, lehen ez bezala, elebitasuna orokorra da, eta espainola edo frantsesa dira, funtsean, ofizialak diren bakarrak, eta horrek bere ondorioak ditu. Horrela, dikotomia batean bizi gara, izan nahi dugunaren (euskara hiztun arruntak lurralde normal batean) eta garenaren artean (elebidun ez sobera orekatuak, erdaren itsasoaren barnean). Adibide gisa, euskal kulturaren alde (hizkuntza komunitatearen hil ala biziko afera) maiz egiten dira manifestazio arrakastatsuak. Baina zenbatek kontsumitzen du kultura hori? Koherentzia gehiago behar dugu egunerokoan.

 

Eta nola lor dezakegu koherentzia hori?

Baneki eskizofrenia horren kontrako errezeta, kontsulta irekiko nuke. Garbi dagoena da gogoeta egin behar dela, esaten eta egiten dugunaren artean. Berriz diot, oso nabarmena da kultur kontsumoan egiten dena…, eta hor sartzen ditut nagusiki irakurtzen ditugun egunkariak, adibidez. Zenbat euskaldun garen kontuan hartuta, egunero euskaraz irakurriko bagenu, dagoeneko bat beharrean, bi edo hiru egunkari genituzke euskaraz. Baina, eskualderik euskaldunenetan ere, prentsa erdalduna da nagusi.

 

Zer egin behar da hori aldatzeko?

Kultur mugimendu indartsu eta garrantzitsua behar dugulakoan nago; adibide ona iruditzen zait 60ko hamarkadako Ez dok hamairu taldea. Talde horrek izan zuen eragina kulturatik haratago joan zen, naturalki; hizkuntzaren normaltasuna, alegia, herriarena, bultzatu zuen, eta horrek jende asko erakarri zuen, jende ugari euskaldundu zen eta integratu zen euskalgintzan, besteak beste, garapen pertsonala ere badakarrelako; eta aberasgarria da hori. Gazte batek sekulako aukerak ditu euskalgintzan (idazten, musikan, zientzietan, teknologian…) zerbait interesgarria egiteko, asko dagoelako egin gabe; aldiz, ingelesez saiatzen bada, askoz zailagoa du, milioika jende ari baita kultura horretan.

 

Zer aplikazio izan dezake kulturaren ezagutzak hizkuntzarekiko motibazioan, erabileran…?

Hizkuntzak ez dira gramatika soilak, kultura baten parte dira, eta kasik ezin dira bereizi. Nik Ameriketako country  musikan interesa badut, ezinbestean, ingelesa ezagutu beharko dut. Garai batean, ingelesa ikasten zuen jendearen motibazioa Beatles edo Rolling Stones taldeek esaten zutena ezagutu nahian oinarritzen zen, edo, gutartean, euskara ikasteko, Laboak, Letek edo bertsolariek esaten zutenean. Guztiz uztarturik dauden alorrak dira, kultura batek berez du hizkuntzarekiko erakarpena, eta alderantziz. Nik, haurra nintzelarik, eskolan nuen ikasgaia ez zen frantsesa, “Hizkuntza eta kultura frantsesa” baizik.30 urte daramatzagu irakaskuntzan euskararen normalizazioa lantzen, ezagutza, erabilera eta motibazioa lantzen. Nahikoa egin al da?Irakasleek ahal dutena egin eta egiten dute. Denetarik dago, baina interesa, jakintza eta gogoa duenak egiten du ahal duena. Gauzak egin dira, baina marjinalitate batetik beti; alegia, kontzientzia gehien, interes gehien duen jendea marjinalitatean dago. Hezkuntza sistemak ez ditu bereganatu, hezkuntza sistema ez dagoelako euskaldunen menpe, Madrilen eta Parisen diseinatzen da, ez dezagun ahantz.Irakasleen prestakuntzari dagokionez, gaur egun badira leku berezi batzuk, non zinez aritzen diren, jakintza eta gogotik abiaturik, Eskoriatzan, adibidez; baina hangoa oso egoera berezia da. Beste irakasle eskola batzuetan ere zerbait egiten da, baina beti dago irakaslearen jakintzaren eta borondatearen arabera, ez da sistematikoa.

 

Irakasle eskoletan euskarari eta euskal kulturari buruzko prestakuntza irakatsi beharko litzateke, zure ustez. Nolakoa izan beharko luke prestakuntza horrek?

Funtsezkoa iruditzen zait gure herriaren eta kultura tradizionalaren ezagutza. Eta horrek ez du esan nahi, jendeak pentsatzen duen moduan, txapela eta gona gorria jantzi behar ditugunik, horiek topikoak dira. Ez da hori. Baina, oro har, gure kultura ez dugu ezagutzen. Aski frogaturik daukat hori urteak eman baititut IRALEn irakasleen prestakuntza programetan. Behin, Iruñetik Azpeitira iritsi, eta 40 urte inguruko irakasle euskaldun peto-petoekin, baserrietako seme-alabekin, topo egin nuen. Zera pentsatu nuen: “Zer kontatu behar diet euskal kultura tradizionalari buruz hauei? Harrikatuko naute”. Eta ezustekorik handiena jendeak horretaz ez zekiela ia ezer konturatzea izan zen. “Mesedez, gaur kontatu dizuedana galdetu etxean”, esaten nien. Eta haien ezustekoa, aita eta amak bazekitela konturatzean. Euskarak oso ongi iraun duen eskualde batean, ez da izan gure kulturaren transmisiorik; gure kultura baserritarkeriekin lotzen dugu, konplexuen ondorio da… Konplexua normala da, kolonizazioaren ondorio da. Beti gaude modernizazioa, globalizazioa, mestizaje kulturala… Mestizaje kulturala? Gu gara Europako espezialistak. Europan arituenak gara. Baina ulertu behar dugu ongi zer den kultura bizia, nola garatzen den kultura tradizional bat eta zer den hori.

 

Nola berreskura dezakegu jakintza hori?

Galdera da zenbat jende dagoen prestatua hori erakusteko. Horren ondorio da, pixka bat, gure liburuen arrakasta ttipia. Aipatu kezkak bultzatu ninduen alor horretan zerbait erakargarria egitera, pentsatuz, beharra bazegoela… eta aski arrakasta izan dute. Zergatik? Gure kultura, gure tradizioak, gure historia ikuspegi aske batetik, konplexurik gabeko ikuspegi  batetik, lantzen dutelako. Irakasleek sentitu egin behar dute transmitituko badute, zernahi gai, berdin geografia, nola matematika; bidenabar esanik, teknologia berriek nekez transmitituko dute sentimendurik, informazioa bai, baina ez sentimendurik. Nola landu? Hasteko, ezagutza behar du soziolinguistikaren oinarrian, eskolak, gurea bezalako egoera batean, egiten duen lana kokatzeko; eta gero, gure kultura tradizionala, nondik gatozen jakiteko.Irakasleak motibatuz, prestatuz eta trebatuz landu dezakegu motibazioa eskoletan. Baina irakasleak gizarte honen parte dira, haren ondorio eta ispilu. Bestalde, irakasleriak gaur egun bizi dituen presioa eta lana oso handiak dira, eta prestakuntzarako dauden bideak aski eskasak dira, oro har: borondatezkoak, ordutegietatik kanpokoak maiz, nekatuak…Eta erabilera gizarte arazoa da, eskolatik kanpo gauzatzen dena, eskolan irakats daiteke zernahi hizkuntza: latina, frantsesa, ingelesa, euskara… Baina eraikinetik kanpo erabilera eremurik ez badago, alferrikakoa da eskolan egindakoa. Harrigarria egiten da behin eta berriz ohartaraztea hizkuntzenak direla ikasketarik hauskorrenak, erabili ezean galdu egiten baitira, baita ama hizkuntza ere. Eta hauxe galdetu behar dugu: ba ote dago gizartean eragiteko prest dagoen inor, funtsezko alor honetan? Horrek politika du izena, ez gaitezen engaina. Kasu, kontrakoa egitea ere politika da. Eskolan egiten dena gobernuen menpe da, gobernuek agintzen dute, ez irakasleek.Gaur egun, mezu nagusia, tamalez aski barneraturik sumatzen dudana, hauxe da: egin ezazu euskararen alde, baina hori soilik, gramatikaren alde, kontuan hartu gabe herria, kultura, historia… ez sartu “politikan”. Euskal Herria “gehiegi” aipatzen omen da, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren ustez. Aurreko Jaurlaritzek 30 urte pasa zituzten euskal curriculuma diseinatzen, azkenean lortu gabe. Hori Euskal Herriko lurralde ofizial bakarrean, gainerakoetan…

 

Hizkuntzaren arazoa ez dela eskolaren arazoa diozu, gizartearena baizik.

Hala da; euskararen normalizazioaren arazoa ez da pedagogikoa soilik, soziala da, alegia, politikoa. Irakaskuntzan gaudenok beti pentsatzen dugu arazo pedagogikoa dela, nola hobetu irakasteko modua. Garai batean euskararen irakaskuntzarako metodorik hoberena aurkitzea zen gakoa. Kasik urtero ateratzen zen metodo berri bat, pentsatuz “oraingoan, honek bai, honek lortuko du”. Hizkuntzen erabilera gizarte arazoa da. Hori kalean dagoen zerbait da. Eskolak ezin du konpondu. Guk txikitan latina ikasten genuen denok; horrek ez zuen berpiztu hizkuntza kalean. Bistan da eskola funtsezko elementua dela normalizazio prozesuan. Baina egiten dugun bakarra hori baldin bada, gureak egin du.Nik uste, gainera, irakaskuntzan gaudenon eta azken 30 urte hauetan curriculum bat dugunon artean, jende asko ohartu dela horretaz; genituen itxaropenak ez dira bete, eta has gaitezen hori onartzen. Nora goaz herri gisa? Horren menpe baita irakaskuntza.

 

Txepetxek zioen  hiru arlo landu behar direla: motibazioa, ezagutza eta erabilera. Nola landu horiek gizartean?

Printzipioz, hizkuntza normalizatu den tokietan, hizkuntza da nagusia. Alegia, politika zernahi gaitan egiten duzula, kontua zera da: “Egiten ari naizen honek zer ondorio ditu, hizkuntza komunitatea indartzeko?”. Hizkuntza komunitatea sakabanatuta dago, erdararen itsasoan barreiatuta, eta trinkotu egin behar da, lotu, euskaldun kontziente osoak hor egon, bistan, eredutzat. Gaur egun, aldiz, eredu diren horiek (telebistan etengabe ateratzen direnak: politikoak, kirolariak, kulturgileak…) espainolez aritzen dira, bai eta euskaraz egin ahal den leku bakarrean, aldi bereko itzultzaileak daudelako: legebiltzarrean. Edo, udaletako azken atezainari euskararen gutxieneko ezagutza eskatzen zaio, kasurik hoberenean, baina alkateari ez, eta agian abertzalea da, Bilbon kasu. Eskizofrenia horrek herritarrak desmotibatzen ditu.

 

Gizartean motibazioa lantzeko eredu egokiak bistaratu beharko lirateke, orduan.

Bai, euskaraz aritzen diren ereduak bistaratu, Katalunian egiten den moduan. Gaur egun motibazioa ez da lantzen, “Valor del soldado”, “se supone” esaten zuten Espainiako armadan. Hemen ere, hizkuntzarekiko motibazioa, berdin, jakintzat ematen da. Baina motibazioa landu egin behar da, etengabe, eta bereziki etengabe elikatzen den erdaren aldeko kanpaina izugarria dugunean. Bat-batean Jaurlaritzako norbaitek esaten du Euskal Herria hitza gehiegi erabiltzen dela; gero, lehendakariak esaten du “euskara zaila dela” edo biolentziarekin lotzen du; eta euskararen kontseiluko beste horrek “nekazal mintzoa” dela dio eta hobe dela espainolez idaztea… Horrek eragina du gugan, subliminalki zein zuzenean jendearengana iristen da, eta gure erantzunak eskasak eta konplexuz beterikoak dira. Nola egiten da praktikan bizitzeko behar ez den hizkuntza baten aldeko diskurtsoa? Esplikatuz nor-nori-nork zein interesgarria den? Hemen, bada herri bat, kultura bat, batasun bat Eskiulatik Bilbora, eta hori landuz motibatu behar da.

 

Hori, motibazioari dagokionez. Ezagutzaren kasuan, nola lortu euskara eta euskal kulturaren ezagutza hedatzea?

Material propioa sortu behar da Herri mailakoa, orokorra, baina baita ere lokala, toki bakoitzari egokitua: herriko toponimia, herriko kondairak… Hori bertan behar da egin eskolaren, herriko taldeen eta udalaren artean. “Begira, Laminiturri horretan lamia bat agertzen zen…”, kontatu haurrei horrelakoak. Eta hori soilik euskaratik eta euskaraz egin daiteke zentzu osoa izateko.Hori litzateke gizartean jakintza hedatzeko modu bat. Bistan da. Horrela, kultura zabaltzen da. Eta horrek motibatu egiten du. Iruñean auzo guztien izenak euskaraz daude, eta haurrei non bizi ziren galdetzen nien: Arrosadian, Iturraman, Aranzadin, Azpilagañan, Ermitagañan… Ikasliburua utzi, eta izen horien zerrenda egiten genuen, mapa ere bai… Horrela, geure liburua osatu genuen. “Nola esaten dira hauek erdaraz? Erdaldunek nola deitzen diete?”, galdetzen nien. “Berdin”. Zer esan nahi du Iturramak? Iturri bat zegoela, eta horren atzean istorio bat dago. Etxabakoitz… Auzoen izenak guk ulertzen ditugu eta erdaldunek ez. “Erakutsi gurasoei”, esaten nien. Eta haurrak izugarrizko motibazioarekin etortzen ziren. Haurrak gurasoen irakasle bihur daitezke euskara kontuetan. Hori ikaragarria da motibazioaren aldetik.

 

Eta hirugarren gakoa: erabilera. Nola hedatu hori gizartean?

Berdin, Txepetxek erakutsi zigun moduan: hasteko hizkuntzak zinez ofiziala izan behar du, nonbait bederen, erdara bezain ofiziala; eta gizarte arazoa dela onartu, ez dela arazo pertsonala, bihurtu nahi duten moduan. Eta hori gizartean beste gai batzuekin ere ari da gertatzen. Horregatik dira best sellerrak autolaguntza liburuak. “Ez bazara zoriontsua, zeure errua da.” Lan baldintzak, euskaraz egitekoak… gizarteari dagozkion alor guztiak gizarte arazoak dira, hain zuzen. Guk bakarrik ezin ditugu konpondu maila pertsonalean, antolaketa kolektiboa behar da.

 

Zergatik bihurtu da arlo pertsonaleko arazoa?

Ez gaudelako babestuta. Beraz, arazoa politikoa da. Eskolak ahal duena egiten du, baina, gero, gizartea ikastetxetik kanpo dago. Adibide gisa, orain dela urte gutxi arte, ETB hiru-lau kateren arteko bat zen. Gaur egun, 60 kate daude, 4 haurrentzat, 24 orduz, erdaraz. Idurika ezazu egoera berri honek duen eragina haurren hizkuntza joeran. Hori da hizkuntza politika. Hala ere, oraindik Jaurlaritzako bat ausartzen da galdetzera ea euskarazko komunikabideak ez ote diren gehiegi. Laburbilduz: gutxituak, zapalduak eta gutxietsiak.Herri honetan zerbait egin nahi baldin bada, politika egin behar da, hizkuntza politikan oinarrituta. Bada, ikusi behar da egiten dugun orok nola eragiten duen euskal hizkuntza komunitatean. Ongi heldu da? Egin dezagun. Ez da ongi heldu? Ez dezagun egin. Hori da hizkuntza politika.

 

Garbi ikusten duzu erdaren aldeko hizkuntza politika dagoela, ezta?

Larramendik duela 300 urte salatzen zuen kontrako diskurtsoak indarrean segitzen du. Gure mezuak ez dira pasatzen, marjinalak dira… Behar dugun diskurtso sendo horrek ez du tokirik hedabideetan. Euskararen Herria marjinalia bat da País Vasco–Pays Basque barnean, indarrean dagoen hizkuntza politika bakarra erdaren aldekoa baita.Erdarak, espainola eta frantsesa, ezagutu eta erabili egin behar dira Euskal Herrian. Hori ez da nire iritzia, legeetan idatzirik dago. Ondorioz, erdaraz egiterakoan dena da erraztasun; kultur arloan oihartzuna eta zabalpena doan egiten da. La Oreja de Van Gogh, adibidez, guztiek ezagutzen dute hemen, baina bada Benito Lertxundi ezagutzen ez duenik. Nagusiek euskara ikasi nahi badute, Jaurlaritzaren diru-laguntzaren bat lor dezakete, kasurik hoberenean; etorkinentzat erdara ezagutzeko eskolak doan dira. Lanpostuetarako espainola eskatzea normala eta beharrezkoa da; euskara, aldiz, jendea diskriminatzea… Adibide batekin hobeki ulertzen da, hain zaila bada hau konprenitzea; Era natural batez euskalduna den Baztango haur batek espainola ikasi behar du euskara/espainola elebitasuna, aberasgarria izateaz gain, izugarrizko zortea delako, bi kultura ezagutzea. Era natural batez erdalduna den Tuterako haur batek ez du euskara ikasi behar, espainola/euskara elebitasuna “nazionalismoaren inposizio talibana” izanen litzakeelako. Oraindik ez al da erdaren aldeko politika ikusten?Zergatik hasten gara gaztelaniaz hitz egiten euskaldun talde batera erdaldun bat etorri orduko?Ez dagoelako euskararen aldeko zinezko politikarik. Ez dagoenez, salduta eta galduta sentitzen gara, eta baita deseroso edo errespetu gabeko ere. Balego zinez politika bat eta benetan ikusiko balitz, ez litzateke hori gertatuko. Adibidez, politikari euskaldun batek lehendakariarekin elkarrizketa bat eduki behar badu, nola izango da elkarrizketa, zein hizkuntzatan? Ofiziala baina pribatuan eta aurrez aurre balitz ere, itzultzailearekin egin beharko luke lehendakariak, euskaldunak euskaraz egin behar (edo nahi) diolako. Hori, jakina, ez da gertatzen. Berriz errepikatzen ari gara: eredu edo, bederen, gizartean eragina dutenak euskaldun koherenteak balira erabileran, herria babestuago (eta motibatuago) sentituko litzateke. Gizartean, ereduak garrantzitsuak dira.

 

Kulturak motibatzen ote du euskara ikastera?

Duela bi urte Argentinan izan nintzen, eta euskara irakasten zuten emakume batzuek zera esan zidaten: “Guk taldean erabaki genuen euskara ikastea Orhipean espainolez irakurri ondoren”. Nola? “Bai, liburua irakurri eta ``honek merezi du´´ erabaki genuen”. Ikasi egin dute, eta euskara irakasten ari dira egun. Lan horri egiten ahal zaion laudoriorik handiena da, eta, bidenabar, kultura jakiteak hizkuntza ikastera motibatu egiten duela erakusten du. Euskal Herrian ez zait gertatu horrelakorik.